eskalada Alpeak
Baldintza bikainak goi mailako jarduerentzat
Beste urte batzuetan ez bezala, aurtengo neguan Alpeetan makina bat eskalada on egin dira. Errepikapenez gainera, mistoko bide zail berriak sinatu dira. Izan ere, goi mailako alpinista batzuek ongi baino hobeto aprobetxatu dituzte izan diren kondizio egokiak.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Pirinioetan bizi izan dugun egoeraren antzekoa izan dute Alpeetan. Negua iritsi zen, baina lehenengo hilabete erdian ez zuen elur askorik bota. Hala ere, oso egoera egokiak eman ziren hainbat alderditan, eta goi mailako alpinista batzuek ongi baino hobeto aprobetxatu zituzten. Horren ondorioz, osatu gabe zeuden hainbat marra eskalatu dira eta, horrez gainera, aukera ezin hobeak eduki dituzte mistoko zein izotzezko bide gogorrak zabaltzeko.
Hori guztia argitu ahal izateko, ondorengo kronikan adibide eder batzuk emango dizkizuegu. Neguaren hastapenetan, azaroan, Pete Benson-ek eta Guy Robertson-ek beroketa lanak egin zituzten Grandes Jorassesetako Croz hesian. Oso elur zein izotz gutxi zuten, baina, haatik, mistoan eskalatzeko aukera ederra izan zuten. Ondoren, Pointe mendiaren (3650 m) ipar isurialdera abiatu ziren, eta han The Shining wall bidea zabaldu zuten: 600 metro eta IV/5 zailtasuna (frantziar eskalan).
Abenduarekin batera, eta eszenatoki berean baina Petites Jorassesen, bia batek, Omega-k (WI6, 5.10, A3, 700 m), egundoko goraldia izan du. Aurten bai, 94an Latorre-Gabarrou sokadak zabaldutakoak oso aurpegi txukuna erakutsi du. Horri esker, Nick Bullock-ek eta Stuart McAlees-ek Omega askatzea erdietsi dute, eta harentzat M6+, 6 proposatu dute. Bullock iaz saiatu zen, baina 10. luzean (13 ditu) eroriko latza izan zuen, eta orkatila hautsi ondoren, bidetik jaitsi behar izan zuen. Jarduera honen ostean, urtarrilean eta otsailean zehar, beste errepikapen batzuk izan ditu, besteak beste, Neil McNab eta Kenton Coolena. Hauen iritziz, betiere egoeraren arabera, ez zen hain zaila izan, eta gaineratu dute WI5+ tik ez dela pasatzen.
Omega-ren eskuinera, Petites Jorassesen mendebaldean oso gutxitan osatzen diren pare bat bide eskalatu dira. Bat, 93ko L'Oeil au Beurre Noir (IV/V+, 600 m) bide efimeroa, eta bestea, Frebouzeren ipar-mendebaldeko goulottea (III, 4+).
Bailara Zurian, bestalde, abenduaren erdialdeko kondizioek ez zuten oztoporik jarri marra gogorrak eskalatu ahal izateko. Pointe Lachenal, Triangle du Tacul eta Mont Blanc du Taculen oso mugimendu interesgarria izan da. Pointe Lachenalen, adibidez, Jon Bracey-k eta Bullock-ek Tentation bidea (VII, 7 eskoziar eskalan, 260 m) zabaldu zuten. Egun batzuk geroago, 9 luzeko marra hau Neil Brodie-k eta Jean-François Mercier-ek errepikatu zuten. Izen handiko Scotch on the rocks (IV, 7) edo Pinocchio (IV, 6+) bezalako bideak ere eskalatu ziren.
Gero eta gehiago
Jakina, dena ez da jai handi bat izan. Grandes Jorassesen, adibidez, aurreratu dizuegu bere ipar aurpegia oso lehor zegoela. Hori dela eta, McIntyre-Colton bidea ez da aurten osatu. Beste urte batzuetan osatzen ez direnak, aldiz, aurten gozo-gozo aurkeztu dira. Twid Turner-ek eta Bracey-k 97ko Vol de nuit (IV, 8) igo zuten, eta Bullock-ek eta Andy Houseman-ek 93ko There goes the neighborhood (V, 6, 5c, A3). Azken sokada honek, bestalde, Pointeko hego-ekialdeko aurpegian Overcouloir bidearen (TD+, IV/5, 700 m) aldaera bat egin zuen. Behin eta berriz Bullock britainiarra aipatzen ari gara; aitortu beharra dago jo eta su jardun duela negu honetan. Eta bere sinadurekin jarraitzeko, Steve Ashworth-ekin egindako errepikapen bat, bakanetakoa, azpimarratu beharko dugu. Maudit zirkuan dagoen Fantasia per Ghiacciatore marrari buruz ari gatzaizkizue. Gabarrou-k, Gourdin-ek eta Passino-k 93an zabaldu zuten (V/5+, 6a), eta oso eskalada gutxi izan ditu.
Alpeetako neguko kronika oparo honekin segituz, beste pare bat jardun ekarriko dizkizuegu. Biak ala biak, gainera, bide berriak. Grepon mendiaren eki isurialdean ere oso kondizio bikainak izan zituzten otsailaren hasieran. Hil horren lehenbizikoan, Jean François Reffet-ek eta Jeremie Ponson-ek Aiguille du Roc eta Greponen artean dagoen korridorea igo zuten: Eclaires ma nuit (III, WI5+, M4, 600 m). Haren ezkerrera dagoen korridorean, berriz, Benoit Robert-ek, Mathieu-k eta Philippe Batoux-ek aldaera batekin Greponen ertzean amaitu zuten, gailurretik oso gertu: Illumines mes jours (III, WI5+, M5+, 650 m).
Eta bide berriekin amaitzeko, Aiguille Verteren ipar aurpegira (arrokazko triangelura) joko dugu. Otsailaren 19an, Gerald Durand eta Batoux-ek 500 metroko marra zabaldu zuten. Triangelu horretan bi bide gurutzatzen dira. Bat, Ravanel-Frendo (A1, 90º mistoan, 600 m) da; bigarrena, aldiz, Durand-Batoux sokadarena (III, WI5+, M7, 500 m).
Oro har, Alpeetan aurtengo neguan izan duten mugimenduaren adibide soil batzuk baino ez dira. Jarduera gehiago egin dira, baina aipatu dugun guztiarekin argi asko geratu da mendilerro horretan, kasu batzuetan izan ezik, oso kondizio onak izan dituztela goi mailako errepikapenak zein bide gogorrak zabaltzeko.