GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezker abertzaleak konpromiso zehatza eskatu die eragile politikoei

Ezker abertzaleak, ASBren sinadurarekin, gutun bana bidali du alderdi politiko bakoitzeko EAEko eta Nafarroako ordezkaritzetara. Bertan, datozen hauteskundeetan indar politiko guztiek aukera berdintasunean parte har dezaten eta, era berean, euskal gatazka konpontzeko behin betiko agertoki bat eraiki dadin zein konpromiso hartzeko prest dauden galdegiten die eragile politikoei. Salaketa eta aurpegiratzeak behingoz baztertzeko ere eskatu die.

Iker IRIARTE |

Joan den astean Santurtzin eginiko agerraldian adierazi zuen bezala, ezker abertzaleak eskutitz bana bidali zien atzo goizean Hego Euskal Herriko gainerako alderdi politikoei. «EAEko eta Nafarroako UPNri, PSNri, PSEri, PPri, EAJri, EAri, Aralarri eta IUri bidali diegu eskutitza», zehaztu zuen Pernando Barrenak Iruñean; «lau herrialdeetako alderdi politiko guztietako ordezkaritzei, hain zuzen ere».

Eguerdi aldera, Berriozarko mahaikidearekin batera, Patxi Urrutia eta Juan Kruz Aldasoro ere Iruñeko PSNren egoitzaren aurrean agertu ziren eragile politikoei igorritako eskutitzaren nondik norakoak azaltzeko. Gauza bera egin zuten Joseba Permachek eta Joseba Alvarezek ere Gipuzkoako hiriburuko PSEren egoitzaren parean.

Barrenak eta Permachek jakinarazi zutenez, eskutitzaren helburua gainerako alderdi politikoek «konpromiso zehatzak» har ditzatela eskatzea da; adieraz dezatela «zein konpromiso hartzeko prest dauden» maiatzeko hauteskundeetan aukera politiko guztiek aukera berdintasunean parte har dezaten. «Hauteskunde demokratikoak izan daitezen», azaldu zuten.

Izan ere, Barrenaren hitzetan, oraindik batzuek sinesten dute aukera ideologiko guztiak biltzen ez dituzten hauteskundeak demokratikoak direla.

Gainera, adierazi zuenez, gizartearen zati bat, aukera ideologiko batzuk, jokoz kanpo uzteak «ez dio ezker abertzalearen sektore sozialari eta politikoari soilik erasaten». «Datorren maiatzeko hauteskundeen izaera demokratikoan ala ez-demokratikoan eragin zuzena du», ziurtatu zuen.

«Bi kontzeptu elkar elikagarri»

Berriozarko mahaikidearen arabera, gainera, egungo unea «giltzarri» izan daiteke, hauteskundeak gain-gainean izateaz gain, «gatazka konpontzeko prozesuak zein norabide har dezakeen» erabakiko baitute. Hori dela-eta, datozen hauteskundeak «erabakigarriak» izango direla ziurtatu zuen, «gatazkaren soluzio prozesua bideragarri izan dadin erabakigarriak».

Izan ere, haren hitzetan, bi kontzeptu politiko horiek, hauteskunde demokratikoei eta prozesuaren bideragarritasunari dagozkienak, «elkar elikatu behar duten bi kontzeptu» baitira. «Eta norabide horretan -adierazi zuen-, uste dugu guztiz exijigarria dela hauteskundeak demokratikoak izan daitezen konpromisoak eskatzea». Eta modu horretan, «erresoluzio prozesuaren aldeko konpromiso sendo bat hartzea».

Barrenaren arabera, mezua jaso duten alderdi guztien erantzuna nahi dute. «Alderdi horiek jarrera bat har dezaten eta erantzun konkretu bat eman diezaioten eragiteko bezain garrantzitsua baita gaia», azaldu zuen. «Gatazka konpontzeko behin betiko agertoki bat lortzea dago jokoan», azaldu zuen.

Hori dela-eta, itxaropentsu agertu zen. «Uste dugu beraien aldetik guztion parte-hartzea berdintasunean bilatuko lituzkeen posizioak jaso beharko genituzkeela, eta gero, bestetik -jarraitu zuen-, elkarrizketa prozesu bati bide emateko jarrera argi bat».

Permachek, berriz, gainerako alderdien jarrera gogor salatu zuen. «Gehienek ez dute ezker abertzalea kritikatu besterik egiten, eta ez dute proposamenik jartzen mahai gainean», adierazi zuen. Hori bera eskatzen dute eskutitz horretan mahaikidearen esanetan: «Jar ditzatela mahai gainean».

Horretaz gain, Permachek bat egin zuen Barrenaren adierazpenekin; izan ere, hark ezker abertzalearen presentziak gizarte osoan eragina izango duela esan zuen. Gainera, «herritar guztiei» dei egin zien hauteskunde-zerrenden aldeko sinadura ematera joateko. «Hala -ondorioztatu zuen-, zabalik dagoen prozesuari eta hauteskunde demokratikoei zinezko babesa emango diegu».

«Erantzun gogor eta bortitzak»

Bestalde, azken egun hauetan jazotakoari buruzko hausnarketa txiki bat egiteko aprobetxatu zuen aukera Barrenak. Joan den astean Santurtzin atzo bidalitako gutunaren berri eman zutenetik, ezker abertzaleak hainbat erantzun jaso dituela adierazi zuen: «Erantzun gogor eta bortitzak eta batzuek batere errespeturik gabeak».

Nolanahi ere, ezker abertzalea ez dela «aurpegiratze eta salaketa joko horretan» eroriko ziurtatu zuen Barrenak. «Nahiz eta guk ere baditugun tonu gordin horretan erantzuteko nahikoa motibo», esan zuen. «Ez dugu uste momentu politiko honek hori eskatzen duenik, baizik eta konpromisoak har ditzagula hauteskundeekin eta prozesuarekin», adierazi zuen.

Egun erabakigarrietan sartu da bilketa

Hego Euskal Herriko alderdiei igorritako gutunez gain, hauteskunde-zerrenden aldeko sinadura bilketaz ere jardun zuten bai Barrenak Iruñean baita Permachek ere Donostian. Biek ala biek sinadura bilketa «erritmo onean» doala baieztatu zuten, eta bildutakoen kopurua poliki-poliki behar direnetara iristen ari dela. «Milaka eta milaka» laguni eskerrak eman zizkien Barrenak sinadura emateagatik, eta horiek «behar bezala» baloratzen dituztela adierazi zuen: «Ez dira soilik maiatzeko hauteskundeak demokratikoak izan daitezen eta ezker abertzalea presente egon dadin lortzeko; sinadura horiek prozesua bideragarria izan dadin eta guztiok desio dugun konponbidea ahalbidetzeko agertoki berria ireki dadin nahi argi, zuzen eta pertsonala islatzen dute».

Permachek alderdikidearen bidetik jo zuen, eta sinadura horietako bakoitza «prozesu demokratiko baten aldeko hondar ale bat gehiago» dela adierazi zuen. Alabaina, apirilaren 22a arte geratzen diren egunak -orduan amaituko baita sinadura bilketa- «erabakigarriak» izango direla nabarmendu zuen. I.I.

demokratikotasuna

Ezker abertzalea hauteskundeetan ez egoteak ez dio sektore sozial eta politiko bati soilik eragiten. «Hauteskunde horien izaera demokratiko ala ez-demokratikoa baldintzatzen du», ziurtatu zuten.

prozesua zabalik

Une politiko hau «giltzarri» dela eta hauteskunde demokratikoak bermatu behar direla baieztatu zuen Permachek, «hemen eta orain prozesu bat egon dadin aukera zabalik baitago».

auzitegi gorena

Auzitegi Goren espainolaren 61. aretoa heldu den 24an bilduko da, Abertzale Sozialisten Batasuna legez kanpo uzteko Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak aurkeztutako eskaera aztertzeko.

La Fiscalía pedirá el 2 de mayo la ilegalización de las agrupaciones

El Fiscal General del Estado, Cándido Conde-Pumpido, anunció ayer que el 2 de mayo presentará ante la Sala del 61 del Tribunal Supremo tantas demandas de ilegalización como agrupaciones electorales presente la izquierda abertzale a las elecciones del 27 de mayo.

En un coloquio celebrado en Madrid, el máximo representante del Ministerio Fiscal español explicó también que existen tres investigaciones en marcha a fin de impedir que la izquierda independentista vasca pueda concurrir a los comicios. Una es la que hace referencia a Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB); otra se refiere a EAE-ANV; y la tercera tiene como objetivo a Laia Elkarlanean, formación que tiene su sede en la localidad de Lekunberri. En declaraciones efectuadas a los medios, Conde-Pumpido señaló que los informes realizados por las fuerzas policiales españolas «incluyen datos que nos permiten ir trabajando sobre la idea de la ilegalización». Entre sus argumentos, citó que representantes de la izquierda abertzale han impulsado las agrupaciones, y valoró que «en principio, aparecen marcadas por la promoción» de Batasuna.

Respecto de ANV, señaló que tiene dos informes policiales que concluyen que «existe alguna vinculación, pero vieja y no muy relevante» entre algún miembro de la veterana formación abertzale y «la organización terrorista».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo