XIBa Euskal Herrien arteko Euskal Jokoen IV. Jaialdiak
Banka eta etxeko taldea nagusi estreinakoan
Baigorrin hasi zuten larunbatean Xibaren aurtengo edizioa, eta bost herri izan ziren lehian
Manex ALTUNA | BILBO
Euskal herrien arteko euskal jokoen laugarren Xiba topaketak abian dira. Joan den larunbatean Nafarroa Behereko bost herritako ordezkariak aritu ziren lehian, eta azkenean Banka eta Baigorri atera ziren garaile 968 eta 953 puntu eskuratuta. Bi talde horiek ekainaren 30ean Mendikotan (Zuberoa) egingo duten finalerako sailkatu dira. Hala eta guztiz ere, beste taldeek ere aukerak izan ditzakete oraindik. Garazi sailkatu zen hirugarren tokian 936 puntu eskuratuta; Amikuze laugarren izan zen 932rekin, eta Bidarrai azkena, 926 punturekin.
Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, triste samar egon baitzen egun osoan, eta 200 bat ikusle baino ez ziren bertaratu Baigorrira aurtengo edizioko lehen kanporaketa ikustera.
Antolatzaileek GARAri adierazi ziotenaren arabera, ordea, parte-hartzaileek animaturik ekin zioten lehiari, eta giro ona sortu zuten. Gauean, probak bukatu eta afaldu ondoren egindako jaialdian batez ere. Horregatik, lehendabiziko saioa positibotzat jo zuten topaketen bultzatzaileek.
Zuberoarrik gabe
Hasiera batean, lehen kanporaketa horretan Zuberoako ordezkariak ere lehiatzea aurrez ikusita zegoen, baina azkenean arazoak izan zituzten taldeak osatzeko eta Nafarroa Behereko herriak bakarrik egon ziren, Hala ere, finala Zuberoan izango denez, herrialde horretako ordezkariak ere egongo dira.
Xibaren helburua euskal jolasak, jokoak eta kirolak berreskuratzea da, eta bost herrietako ordezkariek bost probatan aritu behar izan zuten nor baino nor: harria jasotzen, xiban, musean, tokan, dantzan, auzolanean eta sokatiran.
Oreka izan zen nagusi lehia guztietan, eta taldeen artean ez zen ezberdintasun handiegirik egon; antolatzaileek aipatu zuten parte-hartzaileak gero eta ohituagoak daudela probetara.
Maiatzaren 5ean, Gipuzkoako herrietako ordezkariek finalera sailkatzeko bigarren kanporaketa jokatuko dute Bergaran. Antolatzaileek adierazi zutenez, oraindik guztiz baieztaturik gabe dauden arren, hamabi edo hamalau talde arituko direla lehian espero dute. Gainera, proba ezberdinen bat sartzeko asmoa dutela azaldu zuten. Arrauna izan daiteke horietako bat.