DEIA | Katitxa Agirre 2007/4/27. Euskal Herria.
Shakespeare top-mantan
Maltzurra da internet. Hari zor dizkiogu mundu honetako gaitz gehienak: pederastia, akosoa, bullinga, mobbinga... Eta pirateria. Hori batez ere. Hala aldarrikatzen dute bederen egile eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek (...).
Eta aurrekoa gutxi balitz tramankulu desmitifikatzailea ere bada sare madarikatua.
Adibidez: askotan entzuten da Shakespeare eta Cervantes egun berean hil zirela, 1616ko apirilaren 23an. Baina sarean apur bat arakatzea baino ez dago kointzidentzia hori faltsu samarra dela ohartzeko. Izan ere XVII. mendeko britainiarrek (orduan ere bitxi jokatu behar hauek) juliotar egutegia zerabiltzaten. Cervantesen herrian, ordea, egutegi gregorianoa erabiltzen zen eta da. Orduan? Ba Shakespeare ez zela gure apirilaren 23ean hil, baizik eta maiatzaren 3an. Cervantesekin, antzeko zerbait: 23an lurperatu zuten, baina hil-hil, 22an hil zen.
Eta hala ere UNESCOk apirilaren 23a gogoratu beharra dagoela dio, eta horregatik pasa den astelehenean Liburu Eguna ospatu genuen. Liburu eta Egile Eskubideen eguna, horixe baita bere izen osoa. Horretan bete-betean asmatu dute, asko baitzekiten bi idazleek egile eskubideei (edo bere ezari) buruz.
Shakespeare top-mantaren biktima bat izan zen. Bere obrak errepresentatzen zirenean takigrafo bizkor bat kolatu ohi zen antzokian, akto guztiak hitzez hitz kopiatzeko asmoarekin. Kopiak inprimatu eta ale ugari salduko ziren gerora antzokiaren inguruetan, klandestinoki. (...)
Shakespearek ez zuen honengatik kanonik jasotzen, jakina. Eta guk dakigula Shakespeareren garaian ez zegoen interneten arrastorik ere. Nori botako diogu errua, bada?