Maider Carrere, Haritz Perez, Irati Aizpurua Gazte Abertzaleak
Bono-abusu politika
Donostiako autobus tarifa berriekin bilete aukera zabalagoa eskaini du udal gobernuak. Baina, beste behin ere, autobus erabiltzaile talde handia ahaztu egin du: gazteria.
Bilete mota desberdinen artean gizarte bonobusa, familia ugaria bonobusa, gizarte-familia ugaria... aurki ditzakegu. Baina, nor gogoratu da gazteoz, diru-sarrerarik ez dugun ikasleoz, bost sosen truke lanean gabiltzanoz? Geuk ere bonobus arrunta erabili behar dugu. Zerbitzu publikoetan ez dugu inolako erraztasun edo beherapenik, are gehiago, gizartean oztopoak besterik ez ditugu aurkitzen.
Gaueko autobus zerbitzuaren erabiltzaile nagusiak gara eta, kasu honetan, badugu «bilete berezia»: 1,60 euro bidaia bakarra egiteko. Zalantzarik gabe, prezio soziala.
Gazte Abertzaleek honakoa aldarrikatzen dugu: zerbitzu publikoen prezioak ezartzerakoan, gizarteko kolektibo guztiak har daitezela kontuan, gazteria ahaztu gabe. Bide batez, Donostiako herritarrei dei egiten diegu benetako politika soziala eskatu eta neurrigabeko prezio hauek sala ditzaten.