Berezkoen Binakako finala
Waltarik eta Etxetok azkarregi erabaki dute txapela
Garaileak oso azkar aitzinatu ziren, eta horrek sekulako konfiantza eman zien. Sorhuetek eta Ozafrainek, aldiz, ez zuten egunik onena izan
Jon LEUNDA | BAIONA
Waltarik eta Etxetok irabazi zuten atzo, Baionan, Binakako txapela. Lapurtarrak eta kubatarrak ez zuten partida ikusgarria egin, baina aukerak ongi aprobetxatu, eta huts gutxi egitea nahikoa izan zuten garaipena eskuratu ahal izateko. Izan ere, Sorhuetek eta Ozafrainek ez baitzuten egunik onena izan.
Finala tristea izan zen, kolore bakarra izan baitzuen. Waltari eta Etxeto erabat nagusitu ziren. Sorhuetek eta Ozafrainek pilota atzean jokatu nahi zuten, eta ahal zutenean hori egin zuten, baina hori ez da nahikoa izaten. Aukera denean ez bada behar bezala aprobetxatzen, aurkariei bizia ematen zaie, eta horixe gertatu zitzaien Sebastien Sorhueti eta Patrick Ozafraini.
Norgehiagoka sekulako abiadurarekin hasi zen, eta bost minutuan 8-0 aitzinatu zen gero txapela jantzi zuen bikoa. Bazirudien finala hasterako erabakita zegoela, baina Waltariren huts batek jokoan sartu zituen Sorhuet eta Ozafrain.
Pilota aldatu zuten, eta Pausuko aurrelaria ongi sakatzen hasi zen; modu horretan, hiru kintzera jarri ziren. 8-5ekoa erakusten zuen markagailuak. Bazirudien partida alda zitekeela, baina Waltarik eta Etxetok bost kintze egin zituzten erreskadan, eta beriro ere ihes egin zuten.
Hala ere, Sorhuetek eta Ozafrainek nola edo hala eutsi nahi zieten, eta partidan egon ziren 21-11ra bitarte. Ordurako txapela zeinek jantziko zuen nahiko garbi ikusten zen, eta hurrengo hamar kintzeetan dena erabakita geratu zen.
Pausukoak eta Bankakoak partida luzatu nahi zuten, eta aurkariak urduri jarri, baina kontrakoa gertatu zen. Irabazleek hastapenetik hartu zuten abantaila, eta horrek partida guztirako sekulako konfiantza eman zien. Gauzak erraz egitea nahikoa izan zuten garaipena eskuratzeko. 22-11 egotetik 31-11ra pasatu ziren, eta finala erabakita geratu zen.
Finala oso azkar amaituko zen itxura zuen, baina orduan kubatarrak saketik falta egin zuen, eta aurkariak berriro ere jokoan sartu ziren. Orduan sei kintze jarraian egin zituzten, eta oraindik partida estutzeko aukera bazegoela zirudien, baina orduan, Pausukoak saketik falta egin zuen, eta orduan akabo. Sakea berreskuratu zutenean, txapela lortu zuen bikoa 35 kintzetara joan zen. Orduan, galtzaileek kintze bat egin zuten, eta azkeneko bost tantoak erreskadan sartu zituzten; modu horretan, Waltarik eta Etxetok lehen txapela jantzi zuten. Kubatarra izan da, gainera, txapela irabazi duen Euskal Herritik kanpoko lehen pilotaria.
«Seguru jokatu dugu»
Waltari gustura zegoen partidaren amaieran. «Buruz jokatu dugu. Elkarri asko lagunduta, eta txapela jantzi dugu», esan zuen. «Lan handia egin behar izan dugu Sorhuet eta Ozafrain pilotari handiak direlako. Haiek aukerak izan dituzte aurrean kintzeak egiteko, baina orduan ederki itxi dizkiegu tarteak, eta ezin izan dituzte kintzeak bukatu», erantsi zuen.
Etorkizunari buruz honako hau esan zuen: «Pilotan jokatzen jarraituko dut, bai Ipar Euskal Herrian, baita Hego Euskal Herrian ere».
Sebastien Sorhuetek bestelako aurpegia zeukan. «Waltarik pilotari sekulako abiada ematen dio, eta aurkarientzat oso zaila da hari erantzutea. Gainera, aukera izan dugunean ere, ez dugu aprobetxatzen jakin, eta horrela ezin da txapelik lortu», esan zuen Pausuko aurrelariak. Atzo egindakoarekin gustura ez zela geratu onartu zuen: «Kintze gutxi egin ditugu, eta ezin gara gustura egon. Ea errebantxarako aukerarik izaten dugun».
Waltarik saketik min handia egiten du, eta atzo ere lana ongi egin zuen, hamabi kintze sartu baitzituen botetik. Sorhuet ere lan horretan aritu zen ongien, berak sei tanto egin baitzituen hasierako jokaldiarekin.
Atzelari lapurtarrak sekulako norgehiagoka egin zuen, eta bera izan zen finaleko onena. Atzean erabat nagusitu zen, eta aitzinean ere egin zituen kintze bat baino gehiago. Berak egin zuen lana ederki aprobetxatu zuen aurrelari kubatarrak.