GARA > Idatzia > Ikusmira

Jendaurreko salaketak tortura oztopatzen du

Edozein herritarrek gizalegezko irizten bide dio jendaurrean tortura testigantzen berri jakinaraztea, eta horixe egin zuen Torturaren Aurkako Taldeak Ibon Meñikaren testigantza izan ondoren. España y Libertad plataformak, ordea, Guardia Zibilaren aurkako irain gisa hartu eta salaketa jarri zuen TATen kontra. Donostiako epaitegi batek talde horren ordezkaria deklaratzera deitu izanak agerian uzten du torturak jendaurrean salatzea praktika onartezin horri traba egiten diola. Nolanahi ere, deitoragarria da tortura salaketa ugariek ikertzeko eta, dagokionean, errudunak epaitzeko traba ikaragarriak gainditu behar izatea, deitoragarria batzuetan torturak jaso izana salatzen duena bera auzipetzea. Tortura salaketak direla-eta, onenean beste aldera begiratu eta talde ultraeskuindar baten salaketa berehala onartzea deitoragarria den modu berean.

Torturaren gaineko susmoari, zalantzari lekurik ez uzteko biderik onena ez da salatzailea kriminalizatzea, zantzurik txikiena ikertu eta polizia-etxeetan gertatzen den guztia jakiteko bitartekoak jartzea baizik. Tortura salaketa bati muzin egiten zaion bakoitzean, torturatzeko prest dagoenari praktika horri heltzeko bidea ematen zaio. Harrigarria gertatzen da zenbait epailek Guardia Zibilaren ohoreagatik agertzen duten ardura handia eta atxilotuen segurtasunagatik agertzen duten ardurarik eza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo