GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Boto baten truke

Hauteskundeak demokraziaren jaia omen dira. Jaia, ez dakit. Ikuskizuna, halamoduzko ikuskizuna, baliteke, merkatuak ikuskizunetik ere badu eta.

Kanpainaren zurrunbilo betean, Estatu espainoleko fiskal nagusiak bere mutur iletsua agertu du, berriro, baina oraingoan ez inpugnazio eske. Lan hori bukatutzat eman du, oraingoz, hartan gogotik jardun ondoren. Atzo kanpaina girotze lanetan jardun zuen. Abertzale Sozialisten eta EAEren zerrendak baliogabetzeko makila barik bisturia erabili dutela esan ondoren, bere zalantza agertu zuen ez ote diren urrunegi joan. Ez, gizona, ez zaitezela arduratu. Ondo diozunez, ebakuntza kirurgikoa izan da. Tira, halatsu begitantzen zait niri ere, baina bisturia barik, labanatzar herdoildua erabilita.

Alderdi batzuk ez zeuden horrekin ere ados. Onartezina omen zen alderdi bat, ehunka hautesle zerrenda eta beste alderdi batenen erdiak atzera botatzea. Areago, Batasunak berak aurkezteko eskubide osoa omen zuen. Onartezina zen, baina zerrrendak atzera bota dituztenez gero, oso itsusia izan arren, hauteskundeetako emaitzek zilegitasun osoa izango dute. Eta eraso on bat defentsarik onena denez, ezker abertzaleak ez du egin behar zuen guztia egin. Beraz, Batasunak aurkeztu behar zuen? Edo zerrenda «zuriak» aurkeztu behar zituzten? Ez, bego horretara, hauteskunde panorama zerrenda zuriz gainezka dago eta.

Gainerakoan, botoen merkatu honetan hautagaiek beren eskaintza miragarriak egiten segitzen dute, botere apur baten truke. Esate baterako, etxebizitzaren inguruko arazoari helduko omen diote. Etxebizitza arazo handia dela uste baitute. Eta ni erreparatu gabe. Nik uste nuen etxebizitza behar bat zela, eta eskubide bat. Baina ez, arazo bat da. Egia da haien alderdien politikek, Estatuko Gobernutik azken udalera, etxebizitza lagun askoren arazo eta bakan batzuen negozio bihurtzea ekarri dutela, maiz beraiek ere negozio horretan sartuta, baina orain, bene-benetan, hemen sortzen den aberastasunaren banaketa justuagoa egingo dute; esate baterako, AHT eta beste hamaika azpiegitura eraikiz. Hartara, jateko ere ez duenak ordu erdi pasatxoan egingo du Gasteiztik Donostiarakoa. Eta zuok, bizkarroiok, kexatu barik, gaiztakeriak arinago prestatzeko aukera izango duzue eta.

Bide batez, hara Harluxet entziklopediak ematen duen adieretako bat: «Parasito: Antzinako Erroman, bere agudezia zela bide, aberatsen mahaian onartutako pertsona».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo