GARA > Idatzia > Euskal Herria

Transgenikoen aurkako kolektiboak boikotera deitu du

A.B. |

Lur Berri kooperatiba eta Paueko Laborantza Ganbararen okupazioen ondotik, Lapurdiko, Na- farroa Behereko eta Zuberoako transgenikoen aurkako kolektiboak hazi trasgenikoak erabiltzen eta banatzen dituztenen aurkako boikot kanpaina abiatzea erabaki du.

Horretarako, gehien bat kooperatibetaz osaturiko zerrenda beltza egin zutela azaldu zuten atzo. Lur Berri, Pau-Euralis eta Caussade semences kooperatibak, eta GammVert eta PointVert banatzaileak daude zerrenda horretan. Agertzearekin batera, saltegi nagusietan ekintza bereziak egingo dituzte eta zerrenda hori kontsumitzaileei banatuko dietela jakinarazi zuten. «Transgenikoen gaiaren azpian herritarrak gainditzen dituen erronkak izan arren, kontsumitzaileek oztopatzeko boterea daukate», argitu zuten.

Kontsumitzaileek aukera izan dezaten «kalitatearen aldeko» jarrera azaldu dutenen zerrenda zuri bat ere abian jartzekotan direla esan zuten. Multzo horretan Garazi-Baigorri eta Zuberoako kooperatibak, Donapaleuko Massondo, Garaziko Sanders, Hazparneko Camou-Iribarn, edo Armendaritzeko Ladeux enpresak daude, besteren artean.

Hauteskundeetan

Transgenikoen aurkako borroka eta eztabaida zabaldu nahian, kolektiboak legebiltzarreko hauteskundeetan bere hitza entzunarazteko asmoa daukala ere goraipatu zuen atzo.

Horretarako, hautagai guztiei trasgenikoen kulturari buruzko luzamendua finkatzearen alde agertzea eskatuko diete. Transgeniko sailan egiten diren ikerketa zientifikoen aurka ez daudela nabarmendu nahi izan zuten kolektiboko kideek, baina, ikerlarien artean ezadostasunak daudenez, prekauzio gisa luzamendua finkatu beharra goraipatu zuten.

Era bereko ekintzak bideratuko dituzte auzapez eta eskoletako gurasoekin. «Eskoletako gurasoengana joko dugu jantokietan transgenikorik ez erabiltzea eskatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo