GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Herritarren nahia eta alderdien interesak

PSOEk, Estatu espainoleko Gobernuan denetik, edozein mugimendu egin aurretik PPri zeharka begiratu izan dio eta, ondorioz, gehienetan ez du zirkinik ere egin. Zenbait analistaren ustez, hauteskundeetako emaitzek, haien ardatza euskal gatazka delakoa izaki, bertako prozesu politikoaren sostengua adierazi dute Estatu espainolean eta bereziki Euskal Herrian. Zalantzarik gabe, PPren eta hedabideen presioak higadura eragin dio PSOEri; hala ere, alderdi horrek bestelako jokaera bat izan balu, esate baterako, Alderdien Legea indargabetu balu, euskal presoen eskubideak onartu balitu eta, batez ere, normalizazio prozesua zertan zen, hau da, prozesu politikoa dela, azaldu balu, emaitza kaskarragoak lortuko zituen? Bestela esanda, jasan duen higadura handiagoa izango zen? Edozer eginda ere, are PP baino gogorrago ari zela aldarrikatuta ere, eskuineko alderdiaren hatz erakuslea gainetik kendu ezinik izan du etengabe. Uste izatekoa da higadura ez zela handiagoa izango. Aitzitik, prozesu horrek hauteskundeak baino lehen emaitza nabariren bat izan balu, PSOE indartuta aterako zen haietatik. Ikusteko dago zer egingo duen aurrerantzean; nolanahi ere, kontuan izatekoa da ez zegoela PPri bakarrik begira, bere baitan ere badu-eta bere PP propioa.

Bestalde, Euskal Herrian badu bide okerra -prozesu politikoari ekiteko borondatetik begira, behintzat- hartzen lagundu dionik: EAJ. Egunkari honek atzoko editorialean nabarmendu zuenez, Iñigo Urkulluk bere alderdia «gobernu alderdia» dela aldarrikatu du egunotan. Izan ere, horixe du lehentasun. Berez ez dago prozesuaren alde ez kontra. Lehentasun hori mesedetzen duen guztia sostengatu eta kaltetzen duena baztertu egingo du. Ezin baino hobeto azaldu zuen Iñaki Sotok duela zenbait aste orrialdeotan, halaber, «Las líneas rojas» iritzi artikuluan: «EAJk bere alderdiaren marra gorria ezker abertzalearen proposamenean ezarri du, hain zuzen. Ez daude prest inola ere onartzeko, alde batetik, konponbidea ezker abertzalearen eskutik etor dadin (...) eta, bestetik, proposamen horrek bere nagusitasun instituzionala arriskuan jar dezan, arrisku horrek gatazka konpontzea ekarriko balu ere».

Alderdiek arazoak izaten dituzte herritarren borondatea gauzatzeko; baina ez ezinezkoa delako, baizik eta sarritan borondate hori ez datorrelako bat euren interesekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo