GARA > Idatzia > Gutunak

Olatz Caminos, Mitxel Sarasketa, Jon Etxeandia, Edurne Sanchez del Arco, Enrike Letona Preso politiko ohiak

«Ataramiñe» berriro ere

Agur bero bat espetxean zein erbestean zaudeten burkideoi! Euskal Herrian, aspaldi derrigorrez utzi behar izan zenuten lur zati honetan, gezurra dirudien arren, bada euskaldun franko. Kaletik zoaz, munduratzen zara, eta gazte bat egunkaria irakurtzen ari da tabernako mahai batean; haur bat parkeko harean jolasten ari da, igandeetako arropekin jantzitako amonek kartetan jokatzen ematen dute arratsa. Horietako askok zuon hutsunearekin egiten du bizimodua. Euskal Herriak gauza asko behar ditu, baina funtsezkoenetako bat zuon ahotsa eta presentzia da. Eta inoiz baino gehiago orain, balizko prozesu politiko honetan oraindik zuon eskubideak errespetatzen ez direnean, zuon parte hartze politikoa onartzen ez den honetan. Zuon hitza ozenki behar du Euskal Herriak, zuon hitz eztiek laztan ditzatela aurpegi maitatuak, eta zuon hitz gordinek astindu ditzatela zurikeriaren oinarriak. Zuon testigantzak behar ditugu, gure herriak bizi duen zapalkuntza egoeraren arrazoiak ahaztu nahi ez badira. Zuon testigantzak beharrezkoak dira etsaiek berriro ere gatazkaren izaera politikoa ukatzerik izan ez dezaten, torturatuen oihuek lo egiten utz ez diezaieten, arduragabekeriaren jolasa utz dezaten.

Aurtengo «Ataramiñe» prestatzen ari gara. Badakizue zuen laguntza behar dugula. Bidal itzazue, beraz, ziega zoko batean gordeta utzi zenituzten idatziak. Gustura jasoko ditugu denak!

Bestalde, zuen gutun pertsonalez osatutako testigantza liburu bat argitaratzeko asmotan gaude, uste dugulako kartzelako literaturaren ekarpenik onenak eta oparoenak gutunetako lerro arteetan aurkitzen ditugula. Bidali zuen gutunak edo burkideenak, edo sor itzazue berri batzuk. Gu horien zain izango gaituzue!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo