GARA > Idatzia > Gutunak

Mikel Goñi, Nerea Mariezkurrena Iruñea

Amabizia

Emakumeok haurdunaldi bat bizitzea erabakitzen dugunetik sentimendu zoragarriak bizi ditugu. Haurdun garenean erabaki asko hartzen ditugu, eta den-denak, ustez, etorriko denaren onerako. Egia eta gezurra, gure esanetan. Informazio gutxi ematen baita eta edozein erabakiren aurrean, gurasoengan kriterio eskasia sortzen dute.

Umea jaio aurretik eta jaiotzeko unean beldurra nagusiturik dago, informazio faltagatik.

Haurdun garenean, erditzea hitzak zirrara sortzen digu. Ezintasun eta sufrimenduarekin lotuta daukagu. Bai bada, erditzea gogorra da. Baina emakume baten bizitzan beste esperientzia bat da, emakume egiten gaituena ere bai. Bizi nahi izanez gero, norberak nahi eta erabakitzen duen bezala bizi dezakeena, noski.

Erditzearen ondoren bizia omen dator. Horretan, hitz bertsuak aditu dizkiogu edozein amari: «Ordura arteko minak atzendu egiten dira, bizi izan dudan gauzarik polittena da, pozak zoratzen nago...». Eta mezu hauekin pasatzen dugu haurdunaldia. Momentu zoragarrienaren zain. Haurdunaldia, pasatu beharreko tramite huts bat balitz bezala hartu behar dugula sentiarazten digute.

Azkenean, une zoragarria iristen da. Batzuetan, berriz, momentu hori ez da amestu duzuna. Ordu batzuk lehenago, zure umeak taupadarik ez duela esan baitizuete. Latza, oso latza da. Sentimendu nahasiak agertzen zaizkizu, errealitatea hori da, ordea. Baina gure «gizarte aurreratuan» honek ez du kabidarik!! Eta zure buruari galdezka hasten zara: Ez al zen haurdunaldia bizia sortzeko bidea? Zergatik sortu baino lehen hil? Ez al ziren bizia eta heriotza soka luze beraren bi muturrak? Eta erantzunak bilatzen lagundu egiten dizutenean, erraxagoa da...

Bizia eta heriotza eskutik doaz, urrun daudela uste dugu baina beti elkarrekin daude, modu naturalean, gainera. Eta ez digute hori irakasten. Gizarte honetan «heriotza» hitz madarikatua da.

Gurean, esan bezala, hiltzeko jaiotzea tokatu zitzaigun, bizipen gogorra benetan. Eta onartu beharra, noski. Hurrengo erabakia aurrera egitea izan zen, tristeziaren negarra bihotzean genuela. Irria, berriz, beti lagun.

Egoera honen bizipenean Amabizia erakundeak zerikusi handia izan du. Amatasuna bizi nahi duten emakumeei beste ikuspuntu bat emateko sortu zena. Haurdunaldia eta jaiotzaren naturaltasun zoragarriena gozatzeko bidea eman digu Amabiziak. Norberaren indarra, emakumeon hitzaren errespetua, informazioa edukitzean dagoela erakutsi digute. Eta maitasuna biziaren eta heriotzaren gainetik dagoela ikasi dugu.

Eskerrik asko, Amabizia. Arratsalde hartan emandako guztiagatik eskerrik asko, Isabel. Eta erditzean eskainitako laguntza eta maitasunagatik, eskerrik asko, Aitziber eta Laura. Eta zuri, Malen, agurtzeko, maitasunez beteriko beste muxu handi bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo