GARA > Idatzia > Ikusmira

8/97 sumario amaigabea, torturaren itzalpean

Aauzitegi Nazional espainolak atzo jakinarazi zuen 8/87 sumarioari buruzko ebazpena, bederatzi auzipeturi lau hilabete eta zazpi urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkiena eta beste hiru absolbitu dituena. Hamabi urteren ondoren. Izan ere, orain dela hamabi urte izandako sarekada erraldoian sumario horretan auzipetuak eta hamalau adingabeko atxilotu zituzten, besteren artean. Atxilotutakoek, adingabekoek ere, torturatu zituztela salatu zuten, baina horrek ez zuen saihestu orduan egindako deklarazioak akusatzeko eta ondoren zigortzeko oinarri izatea. Auzi horretan bada eskandalurako elementu gehiago, ordea. Epaiketa baino lehen adingabekoak errugabetzat jo eta sumariotik kanpo utzi zituzten, baina haien deklarazioak froga gisa erabili zituzten. Hartara, argi geratu zen adingabekoen erabilera zigorra besterik aurrez ikusten ez zuen epaiketa batean. Arreta ematen du fiskalaren neurriz kanpoko eskaerak auzipetuta geratu ziren 12 lagunentzat: 401 urte. Arreta ematen du, nolanahi ere, bederatzi lagun zigortu izana. Hainbeste urteko atzerapena izan duen prozesu hori, torturaren itzalpean, eta zenbait adingabekoren erabilera tartean, Estatu espainolaren demokrazia gabezia handienetako baten erakusgarri da. Tortura salaketak ikertzea baino asmo politikoak bultzatutako ebazpen judizialak sortzea gehiago arduratzen duen sistema baten erakusgarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo