De Juana kasuaren erabilera zakarra
Estatu espainolean salbuespen egoera dago. EAE-ANV alderdiaren hainbat zerrenda baliogabe utzi izana lotsagarria da. De Juana kasuak esperpentu itxura hartu du, eta epaileek erabilera politiko ikaragarria egin zuten. Baieztapenok ez ditu egin ezker abertzaleko inork, ezta De Juanaren abokatuak, Estatu espainoleko Ustelkeriaren kontrako fiskalburu ohi Carlos Jimenez Villarejok baizik.
Iñaki de Juana Donostia ospitalean egotea hedabide askorentzat segimendu kasua da. Euskal presoaren egoera salbuespenezkoa dela nabarmendu dute, haren inguruko polemika pizteko asmoarekin, erabilera politiko zakarra eginez. Eta salbuespenezkoa da, izan ere, haren egoera, baina Gobernu espainolaren eta epaileen salbuespenezko jokaeraren ondorio delako. Justizia ministro batek esan zuen «egozte gehiago eraikiko» zituztela De Juana kartzela zigorra betetakoan kalera atera ez zedin. Euskal presoak osorik bete zuen zigorra eta, harako ministroak esan bezala, egozte gehiago egin zizkioten, bi iritzi artikulu idazteagatik mehatxu delitua leporatuta, eta epaileek funtsik gabeko zigorra ezarri. De Juana bi gose-greba ikaragarriren ondorioz hiltzeko arrisku bizian zegoela, Gobernu espainolak berandu eta modu traketsean arindu zion egoera, eta pauso horri ezin dio jarraitu donostiar presoa ahal bezain laster etxeratzeak besterik. Esperpentu hori ez baita literarioa.