EUSKAL BIZIKLETA Aurkezpena
Ikuskizuna izateko hiru egunera murriztu dute itzulia
Hamazazpi talde izango dira: ProTourreko sei, horien artean. Parte-hartzaileen artean azken garailea, Koldo Gil, eta Patxi Vila edota Samuel Sanchez daude
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
EITBren Miramongo egoitzan egin zuten atzo eguerdiz Euskal Bizikletaren 2007. urteko edizioaren aurkezpena. Ekainaren 8tik 10era bitartean jokatuko dute aurtengo ekitaldia, aurreko urteekin alderatuta bi egun gutxiagotuko dute, ondorioz. Hala, hiru egunetan lau lasterketa izango dira, bigarren etapak bi sektore izanen baititu. Orotara 437 kilometro izango ditu, guztiak Bizkaian eta Gipuzkoan barrena igaroko direnak, eta etapa guztietan ikuskizuna eta leiha bilatu dituzte.
Euskal Bizikletako antolatzaileetako Julian Eraso izan zen aurkezpenean eta, bere hitzetan «txirrindularitzak egun duen batxea zertan den geratu artean mugatu da hiru egunera Euskal Bizikleta. Bost egunetarako behar bezalako tropelik lotu ezinda genbiltzan, bederatzi talde baino ez genitualako lortzen. Beraz hiru egunera murriztu dugu».
«Ibilbidea, halabeharrez, gogorra izango da», iritzi zion Julian Erasok. «Gure errepideetan irten eta berehala mendateren bat beti izaten denez, hiru egunetan lo hartzen duenak ez du zereginik izango».
«Lehenengo etapan Santa Ageda gaina izango da, Tolosara iritsi baino lehenago eta lasterketa han apurtuko da. Arraten aurrean izan nahi duenak Santa Agedan aurrean egon beharko du», aipatu zuen Erasok.
Partaidetza duina
Aurtengo Euskal Bizikletan hamazazpi taldek hartuko dute parte. Horietatik sei ProTourrekoak, gainera. Italiatik lau talde joango dira, Estatu Batuetatik, Ingalaterra, Suitzatik eta Suediatik, aldiz, bana. Gainerako bederatziak Euskal Herritik eta Estatu espainoletik. Hala, partaidetza nahiko duina osatu ahal izan dute antolatzaileek.
Izenei begira jardunda, nahiko itxura ona dauka aurtengo Euskal Bizikleta. esate baterako, euskal Bizikletako azken bi irabazleak, Saunier Duval taldeko Koldo Gil nafarra eta Karpin Galiciako Eladio Jimenez bertan izango dira. Bestalde, Joxean Fernandez Matxinen taldeak Jose Angel Gomez Marchante eta Fran Ventoso ere eramango ditu, talde indartsuenetakoa da Saunier Duval.
Euskaltel Euskadik, 2000. urtean egin zuen moduan, Euskal Bizikleta irabazi nahi du. Talde laranjaren buruzagi Samuel Sanchez izango da, Amets Txurrukaren laguntzarekin. Horiek izango dira, apika, Saunierren etsai handienak.
Lampre Fonditalekin Patxi Vila beratarra ere parte hartzekoa da, Italiako Girotik bueltan. Tonkoff taldeak ere Ricardo Serranoren apustua egin lezake. Relax Gam taldeak, aldiz, klasea gainezka duen jendea ekarriko du; hala nola Oscar Sevilla, Santi Perez eta Francisco Mancebo txirrindulari espainiarrak.
Etapen ehizan eta sailkapenean egoki ibiliko direnak ere dezente izango dira. Hala, David Herrero, Arrateko azken irabazlea, 2005eko Giroan hirugarren egin zuen Jose Rujano, nahiz Barloworldeko Peio Arreitunandia mutrikuarra edo Agritubeleko Alberto Martinez edo Juanmi Mercado ere ez dira oso urruti ibiliko.