GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek mailarik onena eman nahi du Bordelen

Lapurtarrek aurreikuspenak apurtzeko itxaropena eraman dute

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Heldu dira Top 14ko finalerdiak jokatzeko tenorea, eta Biarritzek gaur jokatuko du Bordelen Stade Françaisen aurka. Kanporaketa hori partida bakar batera erabakiko dute, eta inorena ez den zelai batean jokatuko dute. Hala ere, Biarritz etxean bezala arituko da, Bordele Euskal Herritik askoz ere gertuago baitago, eta zale zuri-gorri asko eta asko izango dira bertan, nahiz eta gaur lan eguna izan.

Partidari begira jarrita, frantziarrak aterako dira faborito. Ligan bi taldeek zer-nolako lana egin duten ikusita, haiek aterako dira faborito. Ligako onenak izan dira, eta hori argi eta garbi erakutsi dute. Biarritz, berriz, doi-doi aritu da. Ez du denboraldi ona egin, baina azkenean lortu du finalerdietan sartzea.

Hala ere, final kutsua izaten duten partida horiek oso bereziak izaten dira, eta horrelako partidak edonork irabazi ditzake. Biarritzek ez du denboraldi ona egin, eta horrekin inork ez du zalantzarik egiten, baina Stadek duen bezainbesteko taldea baduela esaterakoan, inork ez du zalantzarik egingo.

Ez dira faborito aterako, baina irabazten baldin badute ere, ez da ezuste handiegia izango. Lapurtarrak Liga eta Europako Kopa irabazteko asmoarekin abiatu ziren aurten, baina Heineken Kopan uste baino askoz ere lehenago geratu ziren kanpoan, eta orain Ligan jarri dute asmo guztia.

Azkeneko bi urte hauetan txapeldunak izan dira, eta bide beretik jarraitu nahi dute. Horretarako, ordea, partida ona egin beharko dute. Aintzinean presioa ongi egin, eta gibelean sendo aritu, eta hegeletan duten abiadura aprobetxatu beharko dute.

 

Hamabostekoak

Bi taldeek aste osoa eman dute gaurko partida prestatzeko ahaleginetan, biak egon nahi baitute heldu den astean jokatuko den final handian. Hala ere, bi taldeetako inork ez du aparteko bajarik, eta une honetan duten talderik onena zelairatzeko asmoa agertu dute bi entrenatzaileek.

Azken orduko aldaketarik ez izan ezean, hauek jokatuko dute Biarritz taldean: Brusque, Bidabe, Cabanes, Masi, Bobo, Bosch, Peyrelongue, Yachvili, Harinordoki, Lievremont, Betsen, Couzinet, Thion, Avril, August eta Balan.

Stadek, berriz, honako hauek zelairatuko ditu: Jeanjean, Saubade, Glos, Skrela, Dominichi, Hernandez, Pichot, Martin Panisse, Rabadan, James, Aradou, Ledesma, Kayser, Ronccero.

Irabazten duenak, itxaron egin beharko du, bihar jokatuko baita lehiaketa honetako bigarren finalerdia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo