GARA > Idatzia > Euskal Herria

LABek Baiona-Garazi trena osorik berriztatzeko eskatzen du

GARA |

Baiona-Garazi trenbidean ekainaren 3an izan zen istripua dela-eta, linea hiru astez gutxienez itxi dute. Trenbidea ez mantentzeak sortu istripua dela-eta, LAB sindikatuak linea osorik berriztatzeko eskatzen die erakundeei. Iaz ehunka biztanlek sinatu eskakizunaren espirituari jarraiki kostaldea eta barnealdea elkartzen dituen trena mantentzeko lanak eskatzen ditu LABek.

Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hiriburuak elkartzen dituen ibilbide hurbileko trenaren lineak zeresan handia sortu du azkenaldian zaintza falta dela-eta. Ekainaren 3an horren eraginez katenaria bat erori zen eta ehun kilo inguruko zutabe bat bota zuen. Azken horrek trenaren kontra jo eta emakume bat arinki zauritu zen. Istripu horren ondorioz, ekainaren 8tik Baiona-Garazi linea moztuta dago; hasieran astebeterako izanen zela esan bazuten ere, itxierak hiru aste bederen iraungo dituela dirudi.

Konponketarik ez

Sindikatu abertzaleak gogorazi nahi du 2007an ez dela beharrezkoak diren oinarrizko konponketak egingo. Istripu larririk ez izateko urgentziazko konponketak besterik ez dituzte eginen aurten. Hori kontuan hartuta eta AHT trenbidearen egitasmoari dagokionez, erabakiak eta baliabideak oso arin erabakitzen dituztela salatu du sindikatu abertzaleak.

Baiona-Garazi trenbideak ekartzen duen zerbitzu publikoa eta garapen jasangarrirako bidea nabarmendu ditu LAB sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo