GARA > Idatzia > Kultura

«Xirika» gazteen kazeta sostengatzeko jaia bihar izango da Zarautzen

GARA | DONOSTIA

«Xirika» Euskal Herriko gazteek gazteentzako egindako kazetak jaia antolatu du bere egitasmoekin aurrera jarraitzeko «sostengu morala eta diruzkoa jasotzeko»xedez. Jaia bihar izango da, Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan, 17.00etatik aurrera.

«Xirika»-k hiru urte bete berri ditu eta gaur egun, astekariaz gain, web orria eta hilabetekaria ere badu eskuartean. Zabaltzeko prozesu horrek dakartzan gastuei aurre egiteko laguntza behar du eta horregatik prestatu du biharko jaia. Hala ere, dibertimenduaz gain, «gazteok ditugun arazoen kontzientzia hartzeko eta musika talde gazteen ezagupena bultzatzeko asmoa» ere badu.

Jaia, beraz, «sextabaidaren 3. fasearekin» abiatuko da. Bertan bideoa ikusi ahalko da eta gero «kontra elementuei buruzko tailerra» antolatu dute. Bi ordu geroago, Hamaika Bertuteren eskutik bertso-poteoa abiatuko da herrirantz. Bertsotan Uxue Alberdi eta Xamoa izango dira.

Parranda jarraitzeko gogoa dutenek gaztetxean dute hitzordua. Afari-merienda dastatzeko aukera izango da hiru euroren truke. Ondoren, 20.00etatik aurrera, Nuuk At, Izaera eta Itaka taldeek joko dute. Hiru taldeak Xirikaren Entsegu Lokala ataletik pasatuak dira. Disko jartzaile batek zuzeneko musikari lekukoa hartuko dio. Kontzertu horietako sarrera lau eurokoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo