GARA > Idatzia > Euskal Herria

36ko Gerrako bizipenak bildu ditu Ricardo Alvarez hondarribiarrak

«Guerra de España 1936-1939: testimonio de un militar de la República 1936-1939» idatzi du Ricardo Alvarez Royuelak. Oroitzapenak freskatu ostean, gudan bizitutakoak paperean jarri ditu eta nahi duen orori eskaini dizkio. 26 hilabete egin zituen frontean, faxisten aurka borrokan.

Mikel JAUREGI |

Beasainen jaiotakoa da eta egun Ziburun bizi da, baina Ricardo Alvarez Royuela hondarribiarra da izatez eta sentipenez. 88 urte ditu, «eta zorionez, pasatutakoak pasatuta, oso ondo nago». Idatzi duen liburua Hondarribiko Udalak argitaratu dio. «Duela 10 urte liburu baten zirriborroa jaso genuen, Ricardorena, Gerra Zibilean bizitutako esperientziak kontatzen zituena. Eta segituan erakarri gintuen», jakinarazi zuten Udaleko Kultura Saileko arduradunek atzoko aurkezpen ekitaldian.

Hamasei urte zituen 1936ko uztailaren 18an, eta altxamendu faxistak herrian harrapatu zuen, kasualitatez. Armada espainolean sartu zen bi urte lehenago, boluntario; Loiolako kuartelean Artilleria Astuneko 3. Erregimentuko kaporal zen. Baina egun bat lehenago koronelak baimena eman zion eta Alvarez Hondarribira joan zen asteburua pasatzera, sendiarengana. Loiolara itzuli, zenbait egun kuarteleratuta egin, eta Guadalupeko Gotorlekura joan zen Errepublika defenditzera.

Hantxe hasi zuen, bere herrian bertan, 26 hilabete luzeko ibilbidea. Guadalupe faxisten esku geratu zenean, Bidasoa pasatu eta Lapurdin bilatu zuen babesa. Handik Bilbora egin zuen jauzi, eta iparraldeko kanpaina osoa egin zuen (Otxandioko, Durangoko eta Gernikako bonbardaketen lekuko zuzena izan zen). Bilbo eroritakoan, Asturiaseraino joan zen eta, iparraldeko frontean Franciso Francoren indarrak gailendu zirenean, Gijondik ihes egitea lortu zuen «mirari bati esker» (ontzi txiki batean, beste 30 pertso- narekin, 10 egun egin zituen itsaso zabalean, jatekorik eta edatekorik gabe, ontzi ingeles batek topatu zituen arte). Donibane Lohizunen utzi zituzten, eta handik Aragoira joan zen (Teruelgo eta Ebroko borrokaldi gogorretan jardun zuen). Kataluniaraino iritsi zen, eta handik berriro muga igaro zuen.

Kontzentrazio eremutik ihes

Hurrengo geltokia kontzentrazio eremua izan zuen, Perpignandik 25 bat kilometrora. «Lau izarreko hotela zuten guretzat harturik Leon Blunen lagun sozialistek. Francorekin, gure etsaiarekin, ez zen okerragoa izango», esaten du Alvarezek liburuan. Bizi-baldintza gogor haiek atzean utzi zituen, ordea, beste hiru lagunekin ihes eginda. Ez ziren, baina, gerra pasarteak amaitu hondarribiarrarentzat, eta 39ko irailean erresis- tentzia frantsesarekin bat egin zuen, nazien aurka aritzeko.

Horiek denak, batean eta bestean ikusi eta bizitutakoak, jaso ditu bere lanean. «Oroimen ikaragarria du», adierazi zuten Udaleko ordezkariek, liburuan agertzen diren xehetasunak azaltzerakoan.

porrotaren zioa

Alvarez Royuelak oso argi dauka zer dela-eta galdu zuten guda errepublikazaleek: «Vatikanok deklaratu zion gerra Errepublika espainolari, hori guztiek dakite, eta erakunde horri ezin zaio gailendu». Italiar eta alemaniar faxisten esku-hartzea ere ez du ahazten, noski.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo