GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Zazpi Kaleak euskal kultur sorkuntzaren topagune izango dira bihar

GARA | BILBO

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bere hamargarren urtemuga «Zazpi Kale Kultur Topagunea» izeneko ekimenarekin ospatuko du. Horretarako, Bilboko Zazpi Kaleak euskarazko kultur sorkuntzaren topagune bihurtuko ditu bihar.

Atzo jakinarazi zuenez, zazpi gunetan banatuko da egun osoan izango den kultur eskaintza. «Euskaraz egiten den kalitatezko kultur sorkuntza oparoa eta anitza badagoela erakutsi nahi du Topaguneak kalean, berezko kulturgunea den Bilboko Zazpi Kaleetan», esan zuen.

Goiz eta arratsaldez izango dira emanaldiak. Goizean, Plaza Berrian, kasu, haurrei zuzendutako lantegi eta jokoekin batera musika ere izango da. Arratsaldean, sei agertokik eta kale-antzerkiak beteko dituzte kaleak.

Urtemuga biribila

Topaguneak hamargarren urteurrena betetzen du aurten eta ekitaldi hau ere ospakizunen baitan kokatu du. Euskara Elkarteen Federazioa 1997. urtean sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoako eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute egun. Euskararen erabilera sustatzea dute xede. Eta, horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak...

Nabarmendu zutenez, euskara-elkarteek zein Topaguneak urteotan antolatu duten kultur eskaintzaren era- kusgarri izan nahi du Bilboko hitzorduak. Hala, formatu txikiko kultur ikuskizunez osatutako Kultur Errotak 10. edizioa betetzen duen honetan, Topaguneak kalera atera nahi ditu normalean areto itxietan egin ohi diren emanaldiak -hamar ediziotan 1.300 emanalditik gora antolatu dituzte euskara elkarteek Kultur Errota zirkuituan-.

Biharko egitarauari dagokionez, 11.30etik aurrera Plaza Berrian puzgarriak eta lantegiak izango dira, Txatxilipurdi eta Txantxikuren eskutik. 12.30ean, aldiz, Xilipurdi taldeak Gaur Jaia ikus- kizuna eskainiko du. Eta, 17.30etik aurrera, haurrentzako ikuskizunak izango dira: 17.30ean Zirika Zirkus, 18.30ean Alain magoa eta 19.30ean Kiki eta Koko pailazoak. Unamuno Plazan, berriz, musika nagusituko da: 17.30ean Txuma Murugarren, 19.15ean Piztiak eta 20.45ean, aldiz, All Jazz Era.

Posta Kalean ere Malaturen (17.30ean), Maixaren (18.30ean) eta Morauren (19.30ean) erritmoaz gozatzeko parada izango da. La Bolsa eraikinaren atzean kale antzerkia egingo du La Resisstent taldeak, 17.30ean.

Zamudioko atarian, talde berak «Bräkala» antzeztuko du 18.30ean, eta Zazpi Astoren Gainean-ekin bertso eta musika uztartuko dira ordubete geroago. Bestalde, Santiago Plazan, 17.30ean, Ane Monna, Oskola eta Karramarroi, Amama Pantxikaren Altxor Ezkutua lanarekin egongo dira. Eta, Erdizka Lauetan izango da 19.30ean.

Bidebarrieta kalean, literatura eta musika nagusi: Mugaldekoak, 17.45ean, eta Mikelazulo, aldiz, 18.45ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo