GARA > Idatzia > Kirolak

«Negurik gogorrena izan da baina gero eta hobeto sentitzen naiz»

Patxi USOBIAGA

Eskalatzailea

Irailean 27 urte egingo dituen Patxi Usobiaga eibartarra txiki-txikia zela maitemindu zen eskaladaz. Kemenari esker, amodiozko istorioari eutsi eta indartu egin du kirolariak, asteburutan Atxartera joaten hasi eta Munduko Kopa irabazten amaitu baitu. Amaitu mementoz ez, 2007. urtea helburuz beteta agertzen baita Usobiagarentzat.

Amaia U. LASAGABASTER |

Bere bizitzako negurik gogorrena izan dela aitortu du Patxi Usobiagak. Konpromiso asko, energia gutxi eta motibaziorik gabeko uneak... Baina, berak dioenez, «eguzkia irten da» eta gero eta hobeto sentitzen da. Izan ere, denboraldiaren hasiera honetan inoiz baino emaitza hobeak lortzen ari da eta horrek helburuz betetako urte honi energiaz ekiteko laguntzen dio.

Ia beti bezala, zorionak esaten hasi behar dugu elkarrizketa. Oraingoan Dimako garaipenagatik.

Eta ni eskertzen hasiko naiz. Baina bai, egia esateko, Diman egindakoak motibazio handia ematen dit asteburu honetan Zurichen daukagun txapelketa honi begira.

Garaipen berezia izan zela suposatzen dut, aurreko urteotan ihes egin zizula kontuan hartuta.

Iaz normala izan zen, ez baitzen nire disziplina. Baina aurreko urtean gogoa nuen ondo lehiatzeko eta azkenean hirugarren postua lortu nuen, horrela dira gauzak. Bai Alex Chabot eta bai Tomas Mrazek ere nire aurretik egon ziren eta aurten nire podium kideak izan dira.

Etsaien mailak meritu handiagoa ematen dio egindakoari.

Argi dago; nahiz eta Alex orain ez egon nazioarteko zirkuituan, federazioarekin omen dituen arazoak direla-eta. Baina Tomas hor dabil eta Austrian, adibidez, bigarren postua eskuratu zuen, nire gainetik, eta oso maila ona erakutsi zuen.

Emaitza hauek neguko prestakuntza izan dela erakusten dute.

Bai, horrela uste dut. Lehen emaitza hauek ikusita, neguko eta udaberriko entrenamenduen balorazioa ona da. Gainera badakit orain gorantz egingo dudala eta gusturago sentituko naizela eskalatzen, bai txapelketetan, bai harkaitzean; eta horrek energia ematen dit.

Ez dakit ba nondik atera duzun prestatzeko denbora, neguan «jasan» izan behar dituzun sari banaketa, prentsaurreko, omenaldi eta abarrekin.

Nire bizitzako negurik gogorrena izan dela uste dut. Gainera, egia esateko, Munduko Kopa lortu ondoren hutsunea agertu zitzaidan, zulotxo bat, motibaziorik gabeko une bat eta klaseagatik entrenatu nuen. Gauza asko nituen egiteko eta energia gutxi, baina behintzat badakit gauzak ondo egiteko zer egin behar den eta horretan jardun dut.

Orain dela hilabete pare bat eguzkia irten da nere bizitzan eta berriro ere gustura sentitzen ari naiz, egunetik egunera, entrenatzen eta eskalatzen.

Argi geratu zen urteko lehen zita garrantzitsuan. Munduko Koparen estreinako proban, Irmsten, hirugarrena amaitu zenuen.

Hori bai zela buruarendako gogorra. Baina final-laurdenetatik finalerdietara eta hauetatik finalera, apurka apurka sentipenak aldatzen joan ziren, gero eta hobeak izan ziren eta azkenean finalean ondo eskalatzea lortu nuen; hirugarren postua lortu nuen.

Normalean goitik behera joaten zara denboraldian. Hain ondo hasteak baikortasuna indartuko du ala kontua «arraroegia» da?

Utzi, utzi, nahiago dut horrela hastea, niretzako oso positiboa da, horrek gogo gehiago ematen baitit lehiatzeko.

Austrian David Lama eta Tomas Mrazeken atzetik amaitu zenuen. Berek dira zure etsaia nagusiak ala, zoritxarrez, gehiago daude?

Jende dezente dago hor aurrean, baina ez zoritxarrez; hori hobea baita. Egun «top ten» horretan egotea oso zaila da, bertan egoteko oso ondo lehiatu behar duzu eta lehia horren ondorioz gogo gehiagorekin entrenatzen duzu.

Etsai ugari, baina aste honetan esan duzunez, den-dena irabazi nahi duzu aurten.

Ez, ez nuen esan irabazi nahi nuenik, baina nik ere irakurri dut hori nonbait.

Badakizu kazetariok nolakoak garen.

Ulertzen dut, baina nik esan nuen nire helburua Munduko Kopan eta Munduko Txapelketan ehuneko ehuna ematea zela: ehuneko ehuna eman, nik dakidan moduan eskalatzea eta gero ikusiko dugu zeintzuk diren emaitzak. Noski gustatuko zitzaidala dena irabaztea, baina horretarako gauza asko egin behar dira, lan asko egin behar da, txapelketa asko pasatu behar dira... Oso zaila da.

Helburuen zerrenda, hala ere, luzea da. Munduko Kopa, Munduko Txapelketa, Serre Chevalier... Aukeratzeko orduan zein izango litzateke bereziena?

Denak dira garrantzitsuak eta parte hartzen dudan guztietan ondo eskalatzea gustatzen zait. Gezurra esango nuke batzuk alde batera utziko ditudala esango banu. Alde batera utzi ditudan bakarrak Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa dira oraingoz. Ez naiz joango, horrelako txapelketetan energia asko gastatzen duzula uste dudalako eta buruan beste helburuak dituzunean garrantzitsua delako hori argi eukitzea.

Helburu horien artean iaz irabazi zenuen Munduko Kopa agertzen da. Aurten murriztu egin da, proba kopurua zortzira jaitsi da. Hori kontuan hartuta prestakuntza edota planifikazioa aldatu behar izan duzu?

Hamarretik zortzira pasatu da, baina ez da aldatzen. Izan ere, beharbada errezagoa da planifikatzea, proba gutxiago baitira. Baina aurreko urteotan hamar proba izateak gakoa zuen, neke hori jasan behar zenuela. Eta erresistentzia horretan, neke horretan, nahiko abila naiz, horrek puntuak ematen zizkidan. Aurten zortzi izango dira, estrategia beste bat izango da eta, egia esan, fisikoki hobe heltzeko aukera gehiago egongo da denboraldi honetan.

Hurrengo zita asteburu honetan bertan daukazu, Zurichen. Aurrekaria ez da oso ona zuretzat.

Bai, behin egon zen txapelketa Zurichen eta nahiko txarto aritu nintzen, baina ez daukat horrelako mamurik. Gauzak momentuan egiten dira eta denetatik gerta daiteke, argi dago.

Gauzak asko aldatu dira txapelketa hartan parte hartu nuenetik hona. Zurichen bertan egon naiz entrenatzen, beste era batean ikusten dut rokodromoa orain; egia esan, ez dit arduratzen aurrekoan egin nuenak. Motibatuta eta gogoz nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo