GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Desafioa

Lasa eta Txapartegi Pikoketako belardietan neurtuko dira

Hasteko sei kana-erdiko eta lau oinbiko moztu beharko dituzte aizkoran, eta ondoren ordu eta erdi bete bitarte segan aritu beharko dute jo eta su

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Etzi eguerdian, 11.30ean hasita, jokatuko da Pikoketan, Oiartzunen, Luix Txapartegi eta Jexuxmari Lasasaren arteko apustua. Hasteko, sei kana-erdiko eta lau oinbiko moztu beharko dituzte, eta ondoren, ordu eta erdi bete bitarte segan arituko dira.

Bi kirolariak berriak dira horrelako apustu batean, baita segan ere, bietako inor ez baita aritu plazan, ez behintzat igandean bezalako lanetan. Lasa nazioarteko eran aritu bada ere, ezer gutxi izango du ikusteko igandeko saioarekin.

Apustu munduan ere ez dira eskarmentu handikoak. Lasak bat jokatu du, baina hura Otañorekin bikoa eginez jokatu zuen, eta irabazi egin zuen Olasagastiren aurka. Alde horretatik eskarmentu gehiago izango du, izan ere, Txapartegik ez baitu inoiz apusturik jokatu. Beste aldetik, lehiaketetan, Aizarnakoa da eskarmentu gehien duena, final askotan izan baita, eta azkeneko urte hauetan, gainera, aizkolarien lehen mailakoetan izan da.

Hala ere, txapelketek zerikusi gutxi dute apustuekin, eta horretan bat etorri dira bi kirolariak. Biek garbi utzi baitute presioa handiagoa izaten dela. Atzetik jende gehiago izaten omen da, eta gero jokatzeko egunean ere jendeak diru gehiago jokatzen du.

Lan handia

Aizkorako lana ez da samurra izango hor tartean lau oinbiko baitaude. Txapartegiren gustuko enborrak dira horiek, eta horrek kezka apur bat sortzen dio Lasari: «Aizkoran horrelako lan luzera ez nago ohituta. Gainera, oinbikoak ere badaude, eta horrek kezkatu egin nau. Bi edo hiru minutu bakarrik galduko banitu, gustura izango nintzateke, segan egiteko itxaropena baitut», esan zuen Lasak. Horrekin, ordea, Txapartegi ez dago, ados, berak ez baitu uste aizkoran alde handia izango denik: «Ez dut uste aizkoran alde handia izango denik. Gero segan lan luzea dago, eta aurretik dena ezin da eman, bestela gero izango baitira komeriak», dio Aizarnakoak.

Faboritoak aipatzerakoan gauzak ez daude garbi, eta leku batetik bestera gauzak aldatzen doaz. Leku batzuetan diruak Lasaren aldeko joera hartzen du eta beste batzuetan Txapartegirena hartzen du, eta horrek garbi uzten du jendeak ere gauzak ez dituela batere garbi.

Zaleek ez dute Txapartegiren azkeneko erreferentziarik, ezbaita Urrezko Aizkoran aritu. Lasak, aldiz, lehiaketa horretan, baita Gipuzkoako bigarren mailako kanporaketan ere lan ona egin zuen, eta batez ere herrialdeko kanporaketan erakustaldi bikaina eman zuen. Lan hark, ordea, ez du etzikoarekin zer ikusi handiegirik izango, eta eurek ere badakite hori hala izango dela.

Apustu hau egin zela ia sei hilabete pasatu dira, eta egia esan zaleak ezustean harrapatu zituen. Lasak desafioa bota zuen, eta gehienek Ormaetxeari zuzendutako zerbait zela ulertu zuten, nahiz eta Legorretakoak deialdi zabala egin zuen. Orendaingoa, gainera, gerturatu ere gerturatu zen Tolosara, baina aurretik heldu zen Txapartegi, eta harekin egin zuen desafioa.

«Urte asko daramatzat herri kirol munduan, eta banuen apusturen bat egiteko gogoa, eta hauxe egokitu zen, eta aurrera egitea pentsatu nuen», esan zuen Aizarnakoak.

Guztiz argi dago behintzat ikuskizuna ederra izango dela, bi kirolariak joango baitira duten guztia ematera. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu dirutan, eta irabazten duenak beraz 12.000 euro eskuratuko ditu.

Denak eguraldiari eta belarraren egoerari begira daude

Etziko apustuaren aurretik, denak eguraldiari eta belarraren egoerari begira daude. Eguraldia garrantzitsua izango da, Pikoketa goian baitago, eta bertara joateko alde handia dago ona egin edo txarra egin.

Belarra, apur bat nahasia dagoela esan zuen Lasak, baina trumoia eta euria egiten baldin badu, dena nahasteko arriskua izaten da, eta hori inork nahi ez duen kontua da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo