Kanporaketa
Nazioarteko eran Europako Txapelketan izateko aukeraketak hasiko dira
J.L. | DONOSTIA
Segalarien Europako Txapelketa jokatuko da datorren abuztuan, eta Euskal Herritik bertara joango diren segalarien hautaketa egiteko bi saio egingo dira, eta lehenengoa bihar jokatuko da Tolosan, 18.00etatik aurrera, Berazubi estadioaren gainealdean dagoen belardian.
Emakumezkoak eta gizonezkoak izango dira, eta zerrendak jadanik eman dira ezagutzera. Nesketan hauek lehiatuko dira: Antsa, Garin, Mazkiaran, Geresta, Gabirondo, Gorostidi, Olano, Urbieta eta Astondoa. 35 metro koadroko sail bana moztu beharko dute.
Mutiletan, berriz, honako hauek izango dira lehian: Albizua, J.Etxeberria, G.Etxeberria, Alkain, Ormaetxea, Mitxelena, Altzo, Agirrezabala, Bianda, Mariñelarena, Arteaga, Garmendia, Gabirondo, Goikoetxea, Goenaga, Mondela, Kanflanka, Atin, Zuriarrain, Egia, Berriozabal, A.Esnaola eta I.Esnaola. 100 metro koadroko sail bana moztu beharko dute segalariek.
Europako Txapelketan hamar mutil izango dira. Hiru 31 urtetik gorakoak eta gainerakoak, aldiz, hortik beherakoak izango dira. Nesketan, berriz, bakarra izango da 31 urtetik gorakoa, eta lau hortik beherakoak izango dira.
Dena dela, bihar ez da erabakiko Europako Txapelketan izango diren segalariak, izan ere datorren asteburuan beste kanporaketa jokatuko da, eta biak amaitu ostean egingo da sailkapena, eta orduan jakingo da Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak zein izango diren. Kanporaketetan, behintzat, ez da kirolari faltarik izango.