GARA > Idatzia > Euskal Herria

8,300 kiloko pisua eta 1,10 metro luzeko legatza erosi du Donostiako Casa Vergara jatetxeak

Maider EIZMENDI |

Sinestu ezinda eta egindako erosketarekin harro agertu zen Alvaro Manso, Donostiako Alde Zaharreko Casa Vergara jatetxekoa. Ez da gutxiagorako, sukaldean 8,300 kiloko pisua eta 1,10 metro luzeko legatza zuen. Herenegun arratsaldean Mansok erosteko enkargua egin zion arrandegi bati eta atzo jatetxera bertara ekarri zuen. «Burua ere pertsona baten adinakoa du», azaldu zuen oraindik ere harrituta.

Bertatik bertara eginak dira tratuak, arraina Donibane Lohizuneko Sant Mateo ontziko arrantzaleek harrapatutakoa baita.

Mansok berak GARAri azaldu zionez, legatzak 10-12 bat urte inguru izango ditu jada. «Dagoeneko beraz, makina bat buelta eman eta legazkume franko egindakoa izango da», zioen barrezka eta gisa honetako legatz gehiago eskuartera iritsiko zaizkion esperantzaz.

Izan ere, aspaldian ez zen tamaina honetako legatzik porturatu, «nik behintzat ez dut gogoan».

Orain berari dagokio legatza ahalik eta gozoen sukaldatzea. Prestatzeko orduan berriz, ez zitzaion aukerarik falta: «zati bat plantxan, beste bat saltsa berdean... ». Modu guztiak probatzeko adina mami badu legatzak.

Baina tamaina ezaugarri eta bereizgarri badu, sukaldean aritzean zailtasun bilakatzen da. Horrela azaldu du Mansok: «Pentsa, legatza plantxan zerbitzatzen dugunean gutxi gorabehera 200 bat gramo edo jartzen ditugu platerean; legatz honi xerra bat moztuz gero, kilo erditik gora litzateke». Hori hala, «gutiziaren bat» duen bezero batek asko erraztuko lizkioke legatza saltzeko lanak.

Hala eta guztiz ere, guztia zerbitzatzeko asmo handirik gabe zebilen. «Zati eder bat niretzat gordeko dut, hori behintzat oso argi daukat, egunero ez da horrelako legatza jateko aukerarik izaten-eta». On egin diezaiola!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo