GARA > Idatzia > Mendia

Mendizaletasuna Euskal Herriko zazpi lurraldeetako mendi garaienak

Ur-mugen zeharkaldia di-da batean

Joxean Ostolazak eta Oskar Aldazabalek zazpi egunean gainditu dute erronka. Bostehun kilometro pasatxo egin zituzten, eta baita lurralde bakoitzeko mendi garaiena igo ere.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

«Lau Handiak», «Zortzi Handiak», «Zazpi Hiriburuak»... eta zergatik ez «Ur-mugen zeharkaldia»? Horixe da lerro hauetako protagonistetako batek, Oskar Aldazabalek, bere buruari galdetu ziona. Burutazioak ez zuen inolako oztoporik izan; izan ere, markinarraren azken urteotako Debako bide-lagunak, Joxean Ostolazak, baiezko biribila eman zion. Erronkaren abiapuntua iaz jarri zuten; aurretik, beraz, lan eskerga zuten ibilbide osoa ezagutu eta jarduera ondo baino hobeto prestatzeko. Aldazabalek berak eman digu horren berri: «`Zazpi Hiriburuak' ibilbidea amaitu bezain laster, beste bat etorri zitzaidan burura. Ur-mugen zeharkaldia egitea otu zitzaidan eta, hori gutxi izango balitz, Joxeani Euskal Herriko zazpi lurraldeetako mendi garaiena gehitzea proposatu nion. Izan ere, mendi horiek jarraitu behar genuen ibilbidean zeuden. Beno, Lapurdikoa izan ezik. Urtebetez prestatzen aritu gara, eta lasai asko baiezta dezaket antolaketa lana nekea baino gogorragoa izan dela».

Berez, eskarmentu handiko ibiltari maratoniano hauek bi saio behar izan dituzte «Ur-mugen zeharkaldia» egin ahal izateko. Lehenengoa, maiatzaren hasieran izan zen. Oso eguraldi traketsa medio (euriteak, elurra...), asmoa bertan behera utzi behar izan zuten. Xedea atzeratu egin zuten, eta bigarren ekinaldian bete-betean jo dute ituan. Uztailaren 28an Balmasedan hasi ziren eta amaitu, berriz, abuztuaren 3an, Izaban. Guztira, beraz, zazpi egun 500 kilometro pasatxo egiteko. «Den-dena primeran atera da. Nahiz eta 30.000 metroko aldea (goranzkoa zein beheranzkoa) egin eta egunero 18 orduko eta 70 kilometroko etapak izan, ez dugu inolako arazo fisikorik izan. Gutxi gorabehera, 500 kilometro horiek milioi bat urrats izan dira. Eguraldia ere lagun izan dugu, euri tantaren bat eta kito», azaldu digu Aldazabalek.

Zazpi garaienak

Arestian aipatu dugun legez, bi ibiltariek zeharkaldiari beste erronka bat gehitu zioten: lurralde bakoitzeko mendi garaienak igotzea. Zeharkaldia Balmasedan hasi zuten uztailaren 28an, 05.45ean. 15 orduko ibilaldia egin ondoren, 20.50ean Gorbeiako gailurra (1.481 m) jo zuten. Horrela, bada, Araba zein Bizkaiko tontor garaiena poltsikoratuta zuten. 30ean, berriz, Gipuzkoakoari, Aitxuriri (1.551 m), egokitu zitzaion txanda; 7.15ean. Abuztuaren lehena «esnatu» berritan, 7.30ean, Ostolazak eta Aldazabalek Artzamendiren gailurra (926 m) erdietsi zuten, Lapurdiko garaiena. Biharamunean, bestalde, 7.30ean, Okabe gainean (1.466 m) ziren, Nafarroa Behereko tontor nagusian. Egun berean, baina 14.30ean, Zuberoako gailur garaiena zapaldu zuten: Ori (2.017 m). Azken «handia» abuztuaren 3an igo zuten. Ia eguerdia zen bi ibiltariak Hiru Erregeen Mahaiaren (2.428 m, Nafarroa Garaia) gailurrera iritsi zirenean. Zazpi ordu geroago, 18.50ean, iritsi ziren helmugara, Izabara.

Oso ibilaldi luzea zein gogorra izan bada ere, lerro hauetako protagonistek baieztatu digute nahikoa erraz egin dutela: «Izaera bereko hainbat erronka egin ditugu, eta uste dugu denak ezberdinak izan direla. Bakoitzak bere eskarmentua du eta, beraz, ezin ditugu bata bestearekin alderatu. Azken honek bazuen berezitasun bat: lurralde bakoitzeko mendi garaiena igotzea. Azkenean, bigarren saioan erdietsi dugu, baina, hori bai, bigarren honetan ez dugu batere arazorik izan. Hori dela eta, errazegia iruditu zaigu. Txantxetan-edo, geure buruei Jaka aldera jarraitzeko aukera eskaini genien. Bikaina izan da, eta bazter oso zoragarriak ikusi ditugu. Zuen irakurleei zeharkaldi hau egiteko aholkatzen diegu; bene-benetan. Hori bai, lasaixeago joanda gehiago goza daiteke; norberak bere neurrian. Harrigarria bada ere, soilik bide batean erratu ginen. Ori aldean geunden, eta behe lainoak ez zigun deus ere ikusten utzi. Horri esker zeharkaldiak emozio pixka bat izan zuen. Bide batez, senitarteko eta lagunen laguntza eskertu nahi genuke. Batez ere, Bittor Astigarragarena, Gorbeia aldean duen txabolan egundoko afaria prestatu baitzigun».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo