Gipuzkoako bertsolariak irailaren 22an hasiko dira lehian
«G Puntua» lelopean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, irailaren 22an hasiko dena. Helburua, antolatzaileen esanetan, herrialdeko «oinarriaren erakustaldia» egitea da. Edizio honetan, gainera, ez du 2003ko irabazleak, Maialen Lujanbiok, parte hartuko.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Irailaren 22an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2007, eta abenduaren 16an bukatuko da Donostiako Illunbe zezen-plazan egingo duten finalean. Guztira, 79 bertsolarik hartuko dute parte eta, Gipuzkoako 21 herritatik pasa eta gero, zortzi izango dira finalista Donostiako Illunben.
Iazko azaroan ekin zion lanari zazpi pertsonak osatutako lan taldeak helburu bakarrarekin: «Txapelketa Gipuzkoako oinarriaren erakustaldia izatea». Aukeratutako leloa zein irudia ere ildo beretik doaz, «G Puntua», hain zuzen ere. Zentzu horretan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Oroitz Azurmendik «`G' horrek Gipuzkoako bertsozale guztiak biltzen ditu», esan zuen.
Horrela, aipatu «oinarria» inoiz baino osasuntsuago dagoela ere ikusi ahal izan dute, izan ere inoiz baino bertsolari gehiagok hartuko dute parte, 79k zehazki, 2003an baino zazpi gehiagok.
79tik 72ra, eta zortzira ondoren
Lehen fasean 72 bertsolari geratuko dira eta, 6 parte-hartzaileko 12 saio egin ondoren, final-laurdenetara horietako 23 baino ez dira pasako. Ondoko fasean, 23 horiei 2003ko zazpi finalistak gehituko zaizkie (Jexus Mari Irazu, Iñaki Gurrutxaga, Ekaitz Goikoetxea, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Jon Martin eta Amaia Agirre), 30 beraz, eta horietako 18 pasako dira finalaurrekora. Finalean, abenduaren 16an Illunben izango denean, 8 onenak lehiatuko dira.
Bitarte horretan, txapelketa Gipuzkoako 21 herritik pasako da; sailkapen fasea 12 herritan izango da; final-laurdenak Azkoitian, Irunen, Eibarren, Zumaian eta Tolosan izango dira eta finalaurrekoak, aldiz, Eskoriatzan, Oiartzunen eta Ordizian. Finala abenduaren 16an izango da, 17.00etan, Donostian.
Azurmendik, parte-hartzaileen maila ikusita, txapelketa «luze eta intentsiboa» izango dela aurreratu zuen. Aurtengoan, hala ere, Maialen Lujanbiok, orain lau urte txapelketa irabazi zuenak, parte hartzeko izena eman ere ez duela egin argitu zuen. Era berean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako xehetasun guztiak www.gpuntua.com web orrian bildu dituzte.
Bertan, aipatu moduan, parte-hartzaile, gai jartzaile zein epaimahaia osatzen dutenen datu guztiak bildu dituzte: emanaldien nondik norakoak; herrietara iristeko argibideak, eta abar. Txapelketak irauten duen bitartean emaitza guztiak ere bilduko dituzte aipatu web gunean.
Sintonia ere badute, gainera. Samar taldeak egin die eta ostiral honetan bertan aurkeztuko dute Donostiako Doka kafe antzokian egitekoa den aurkezpen jaialdian.
Felix Irazustabarrenak, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, bere aldetik, zera azaldu zuen: «Gipuzkoan bertso eskola asko daude, eta 5.500 bat ikasle. Gure lana horiek babestu eta iraunkortasuna bermatzea da».
Txapelketaren salneurriak honakoak dira: sailkapen fasean, bazkideek 3 euro, 16 urtetik beherakoek 2 eta gainerakoek 5; final-laurdenetan, bazkideek 5 euro, 16 urtetik beherakoek 3 eta 8 euro gainerakoek; finalaurrekoan, 7 euro bazkideek, 5 euro 16 urtetik beherakoek eta 10 gainerakoek; eta finalean, aldiz, 12 euro bazkideek, 8 euro gazteek eta 18 gainerakoek. Bonoak ere badaude; 40 euro bazkideentzat, 16 urtetik beherakoentzat 55 euro, eta gainerakoentzat 40.
Orain lau urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarekin alderatuta, aurtengoak baditu berrikuntza ugari. Beharbada, aldaketa horiek guztiak talde antolatzailearen gaztetasunari zor dizkiogu, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Oroitz Azurmendik, esan moduan.
Horiek hala, Azurmendik aurtengoan gazte gehiagok hartuko dutela parte nabarmendu zuen, eta horien guztien maila ona ere goraipatu zuen. Izan ere, irailaren 22an hasiko den txapelketan parte-hartzailerik gazteenak 18 urteak txapelketa bitartean beteko ditu, Arnaitz Lasartek, hain zuzen, eta zaharrena, berriz, Juanito Mitxelena izango da, 54 urte baititu. Era berean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordintzaileak finala Donostiako Illunbe zezen-plazan egiteak ere duen garrantziaren gainean hitz egin zuen. «Jauzi kualitatibo handia da guretzat, baina txapelketa nagusiko BECeko arrakasta ikusita, animatu egin ginen. 8.000 lagunentzat du tokia eta uste dugu bertan ikusleek finala behar den bezala ikusteko aukera izango dutela», azaldu zuen.
R.C.
Aurtengo txapelketan bertsolariekin batera Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak hemeretzi epaileen zein zazpi gai jartzaileen lana ere nabarmendu zuen. Izan ere, horien prestaketa ere «luzea eta nekeza» dela esan zuten.