GARA > Idatzia > Kultura

Hazparneko bertso zaharrak izanen dira aste kulturalaren oinarri

Eneritz ZABALETA | BAIONA

30 urteko geldialdiaren ondotik, Hazparneko Eihartzea kultur elkarteak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, «Hitzen Bidea» aste kulturala antolatuko du. Astea irailaren 23tik 29ra iraganen da, eta hazparneko bertso zaharrak izanen dira protagonista.

Jano Arotzarena hazpandarrak egin du Hazparneko bertsu zaharren bilketa, eta lan horretan oinarrituko da aste kulturala. Eihartzea-k, bilketa horretatik bertso batzuk hautatu eta aste horretan arituko diren musikari, olerkari eta artistei, lan horiek gaitzat hartuta, sorkuntzak egiteko eskatu zien. Lan horren guztiaren uzta aste osoan eskainiko dute taldeek.

Balkoitik bertsotan

Aste kulturalaren ekitaldi nagusia irailaren 23an iraganen da. Asunak ekoizpen biologikoen festarekin elkarlanean, bazkari biologikoa izanen da lehenik. Ondoren, Azpeitia eta Lapurdiko bertsolariak eliza pareko etxe gaineko balkoitik arituko dira bertsotan. Azpeitia Hazparnerekin senidetuta dago eta hori dela-eta Joxe Agirre, Imanol Lazkano eta Jokin Uranga azpeitiarrek, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Txomin Elosegi lapurtarrekin kantatzeko gonbita jaso dute. Ekitaldia urririk izanen da, aste kulturaleko beste ekitaldi guztiak bezala.

Ekitaldi horietan, Hazparneko bertsoak izanen dira protagonista. Horrela, irailaren 27an Piarres Xarritonek «`Galerianoaren Kantua' Bordaxurik baino, Katxok idatzi izan balu?» gaiaren inguruan hitzaldia emanen du. Irailaren 29an, berriz, galerianoaren bertso horien inguruko sorkuntza eskainiko dute hainbat artistek «Artisten Biltzarra»n. Bezperan, Amets Arzallus bertsolariaren eta Ortzi Oiartzabal bolin jotzailearen emanaldia izanen da ikusgai Xuriatea ostatuan, 21.00etan. Egun berean, Ttattola gaztetxean, Hazparneko bertso zaharretan oinarritutako musika emanaldi berezia emanen dute 613 taldeko beskoiztar eta hazpandar gazteek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo