GARA > Idatzia > Gaurkoa

Patxi Salaberri EHUko irakaslea

Fraidearen otoitza

Oker ez banago, ipuin-kontalarien jardunaldian ez zeuden gonbidaturik ehunka urtez ipuin bera kontatzen aritu zaizkigun artistak. Eta pena da, zeren eta XXI. mendean ere gure kulturan antonomasiaz «Ipuina» dena kontatzen segitzen baitute, zinezko errealitatea fikzio huts horretan bailetzan. Are gehiago, kontatzeaz aparte, trinko sinesteari ere heltzen diote, haurrek jostailuak ekartzen omen dizkien pertsonaia magikoaren kontakizunari heltzen dioten bezain kartsu.

Sinesteko premia primarioa? Hilezkortasunaren beharra? Aita gabe ibiltzeko beldurra? Existentziari izua? Gaixotasun neurotikoa? Horren argitzapenik nahi duenak badu non bazka Freuden «Ilusio baten etorkizuna» liburuxkan.

Nolanahi ere den, gure egiazko erlijio bakarraren drama tragikoa pairatzen dutenek (ezaguna da: uso bat, artalde urria, hiru katu...) ez dute aukerarik galtzen, aldiro, beraiei bakarrik interesatzen zaien ipuina milagarrenez sozializatzeko eta, bide batez, gizarte zibila fikzio horren lakioarekin harrapatzea baino bilatzen ez duten «erreibindikazio» sektarioak kaleratzeko.

Izan ere, gizarteak «aio!» esaten diela ohartzean berrekiten diote ipuin-kontalari hauek hausnarketa megasakonak kanporatzeari eta, metodologia nagusitzat, gizakiaren erro erlijiosoen ingurukoez pontifikatzeari.

Haietako batzuk, hierarkiakoak eta, kasualitatez, eskuinekoak, burdin-isipuekin eta ongi irabazitako domina militarren hegalak agerian utzirik; besteak, nonbait kolore gorriagokoak, modu eta diskurtso xaloago eta garatuagoekin, eta gure gizartea eta kultura erlijioarekin betikotz loturik, bereizi ezinik, ditugula predikaturik, eta erretolikak («urrutiagotik gatoz beti eta urrutiagora goaz» gisakoak), oximoronak («mistiko guztiak dira agnostiko») eta filosofia izatera nekez iritsi litezkeen teologiakeria trinitarioen ildokoak («ez dira bi, eta ez dira bat, baina inoiz ez dira bata bestea gabe»!) erabilita.

Alabaina, ezkerrekoak zein eskuinekoak (ezetz inork asmatu zein alderditatik jaurtiki den ondoko hau: «Artean eta literaturan, etikan eta hezkuntzan, unibertsitatean eta politikan behar luke erlijioak inspiratzaile eta eragile»), ezkerrekoak zein eskuinekoak, diogun berriro, denak dira bat sinesmen-kontuetan eta, funtsean, berdinak, azken batean, adi-mugaz bestaldeko zorionerako inbertsio-bankuko hipoteketatik eskegi nahi baitute gizarte guztia, bizitza errealaren ezeztapenarekin ordaintzen diren hipoteka hutsaletatik, hain zuzen.

Pentsamendu (?) horrentzat gizakiaren arrazoiak ez du ezertarako balio; areago, sinesmen horien barnean daudenen arabera, egiazko ipuin bakar horretan sinesten ez duen gizakia «garaiz eta lekuz kanpo» dago. Izatez, inori ahaztu bazaio, erlijio-erakundea da «gizakiaren galderarik eta bilaketarik sakonenak kudeatzen» dituena, esklusiboki kudeatu, alegia. Korolario bila hasi gabe ere (bultzi horretan ez dagoenak ezinezko ote du galdera eta bilaketa sakonik egitea?), bistan da sinestun horiena dela, paradoxikoki, pentsamendu-kudeaketaren monopolioa ere.

Baina ipuingintza teorikoa gutxi bailitzan, txapela pasatzea ere otu zaie berriki. «Fraidearen otoitza, eske bikoitza» zioen gure amonak eta halaxe dirudi oraindik ere, «Euskal Herriko Unibertsitatean Erlijio-Zientzietako Departamendua sortu» behar dela exigitzeaz gainera, «erakunde publikoen laguntza jaso beharko luketela» baitiote ia ondasun inmobiliario bat bera ere ez bide duten kontalari hauek. Teologi zientziak (??) hedatzetik harantzago abiatuko ez litzatekeen unibertsitate-departamendu horren kasuan, noski, suposatutzat ematen da tokian tokiko gotzaiaren erabaki «digitala» izango litzatekeela irakasleak eta sailkideak izendatu eta eginkizunak eta ikerkuntza-lerroak definituko lituzkeena. Ohi bezala.

Irribarre errazik sortzeko asmorik gabe bada ere, aitortu behar da horrelako planteamenduekin urrezko azpilean eskaintzen zaiola mezu-hartzaileari karikaturekin jolasteko parada.

Batez ere, kontrakoak litezkeen erantzunak aldez aurretik desaktibaturik uzteko, betiko zurikeriekin argudiatzen dutenean: erlijioaren aurkako diskurtso oro aurriritziz eta salakuntza topiko errazez osatuak omen dira, ezer esatera ausartzen direnak «sasi-modernoak» baino ez dira, gaurko kultura oso arina eta funsgabea da, etab.

Atzetik zer etorri ohi zen ez bageneki, Inkisizioaren diskurtso-estilo barregarri bera dela erantsiko genuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo