Asier Serranok amodioaren eta borrokaren hiztegiak nahasi ditu «Picassoren zaldia» olerki liburuan
Eibarko kantari eta poetak bigarren olerki liburua kaleratu berri du. Paisaia surrealista bat osatu du bertan, «iraganeko sentimendu nahasiak azaltzeko», eta «gizaki hauskor eta kontraesankor bati» eman dio hitza.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
«Bada hiri gorri bat» poesia liburua 1997an argitaratu eta laster ekin zion Asier Serranok «Picassoren zaldia» idazteari. Baina egungo abagunea hautatu du lana osatu eta plazaratzeko. «Ez nuen liburua argitaratzeko inongo asmorik, are gutxiago hainbeste urte pasa direnean -aitortu du eibartarrak-. Baina ordutik hona bi su-eten bizi izan ditugu, eta kezka horrek bultzatuta-edo egin dut, gero eta gogorragoa egiten zaidalako gero eta gehiago gorrotatzen dudan herri honetan bizitzea; elkar ulertzeko gai ez den herri honetan bizitzea. Eta horren ispilu da liburua».
Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen lanean, Xabier Mendiguren editorearen esanetan, «estilo indartsua, hizkera sendoa eta eduki zirikatzailea» antzeman daitezke.
Oro har, paisaia surrealista bat osatu nahi izan du poetak, «iraganeko sentimendu nahasiak azaltzeko», eta maitasunaren eta borrokaren hiztegiak nahasi ditu horretarako. «Bertan azaltzen den pertsonaia ez naiz ni, inondik inora. Baina interesatzen zaizkit pertsonaia horiek: arrazoi batengatik edo bestearengatik baztertuak izan direnak, antiheroiak-edo lantzen ditut, benetan interesatzen zaizkidanak horiek dira-eta», aipatu du. Hori hala, «traidorearen» edo «desertorearen» irudia baliatu du, baina zera nabarmenduta: «Ez dut uste inondik inora pertsonaia koldarra denik».
Alegia, amodioa eta borroka desmitifikatzen ditu Serranok liburuan; protagonistak ez daki zergatik maite izan duen iraultza, «pertsonen maitasunarengatik edo ideien maitasunarengatik. Kontraesan horretan bizi da». Finean, poetak egin nahi izan ditu protagonista bere olerkietan, «zalantzaz beteta bizi diren edo euskal gatazkari berari eszeptizismoz begiratzen dieten erdibideko horiek», bere hitzetan. «Min ematen didate halako liburu batzuk non beti azaltzen diren iraultzaren heroiak eta ez den inon ageri baztertu edo zapaldutakoen irudia. Troiako zaldi bat behar nuen nik, baina zaldi hori kasu honetan galtzearen irudiarekin dator», esan du.
Hain zuzen ere, Serranok aitortu du bera ere pertsona kontraesankorra dela, «baina badakit non dagoen nire borroka». «Euskal Herrian ahotsik gabeko jendea dago, eta horiek babestu beharraz hitz egiten dugu, baina badira beste milaka pertsona beldurragatik-edo ahotsa mutututa dutenak, eta horiei ere bidea egin behar zaiela uste dut nik». Beraz, probokatzea baino, «bere iritzia emateko eskubide osoa duen norbaiti hitza ematea» da berak bilatu duena.
«Ezkerraldean kokaturik daukadan bihotzak gorria izaten jarraitzen du, halabeharrez. Nire bihotzaren gelatxoetan gorderik dauzkadan biktimei eskainita» dago «Picassoren zaldia».
Musika eta literatura
Asier Serrano (Eibar, 1975) haur hezkuntzako irakaslea da egun. Lubaki Bandako kide ohia, eta beste hainbat musika talde eta bakarlariren kantuen egile eta ekoizle ere bada. Lorelei musika taldearekin bi disko grabatu ostean, bakarka beste hiru kaleratu ditu, gainera.
Musikari ezezik, baina, literaturari ere ekarpen anitz egin dizkio jada, eta horretan jarraitzen du. «Bada hiri gorri bat» (1997) liburuaz gain, 2001ean bi ipuin liburu kaleratu zituen: «Mari Basajaunaren eremuan» eta «Hoteleko kontuak».
Laster nobela berri batekin -«Eskuetan mapak»- ikusiko dugu berriz eibartarra.
Izenburua: «Picassoren zaldia».
Orrialdea kopurua: 80.
Salneurria: 10,65 euro.