GARA > Idatzia > Osasuna

Osasuna Bartzelonaren aurkako partida prestatzen

Dady itzuli da baina debutaren eguna zehazteke dauka oraindik

Caboverdetarra atzo itzuli zen Iruñera selekzioarekin astebete eman ostean, baina ez dago argi igandean jokatuko duen, erabat osaturik ez dagoela-eta

p038_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Taldearen historiako fitxaketarik garestienak eman dezakeena ikusteko irrikitan jarraitzen dute zale gorritxoek, baina jokalaria atzo gainerako taldekideekin entrenatu zen arren, oraindik ez dago argi Dadyk igandean Bartzelonaren aurka jokatzerik izango duen.

Talde gorritxoak Os Belenensesetik fitxatu zuenetik min-hartuta egon da aurrelari afrikarra eta minuturik jokatu ez duenez, Cabo Verdeko selekzioarekin astebete eman du bilduta. Iruñera bueltan, Zigandaren aginduetara egin zuen atzoko lan saioa Dadyk eta entrenamenduaren ostean, debuta egiteko irrikitan dagoen arren, arriskatzeko inolako asmorik ez duela esan zuen kazetarien aurrean. «Lesioa hobeto dago eta osatzeko ahalegin handia egiten ari naiz. Hala ere, gaur ezin izan naiz taldekideekin %100ean entrenatzerik izan», adierazi zuen. «Noski Bartzelonaren aurka debuta egitea gustatuko litzaidakeela, baina orain garrantzitsuena erabat osatzea da. Entrenatzailearen konfiantza osoa daukat eta alde horretatik lasai nago».

Partida horretan agian, jokatzerik izango ez duen arren, Osasuna Bartzelonari aurre egiteko moduan dela uste du Caboverdeko aurrelariak: «Profesionalak gara eta Bartzelonari irabazi ahal izateko lan egin behar dugu. Itxaropen handia dugu partidan eta kontzentratuta aterako gara zelaira oso».

Cabo Verdeko Dadyz gain, Josetxo eta Corrales ere batu ziren atzoko taldearen entrenamendura. Atzelari iruindarra ezker zangoan min-hartuta izan da azken asteetan, baina atzo normaltasun osoz aritu zen eta medikuek alta eman diote. Corralesek ere hanka bera du min lesionaturik eta gaur berriro aztertuko dute taldeko sendagileek. Azkenik, Igotz Garde jokalaria etxean dago jada ebakuntza egin ostean.

min-hartutakoak

Dadyz gain, Corrales eta Josetxo ere izan ziren atzoko entrenamendu saiora; medikuek iruindarrari alta eman eta madrildarrarena gaur aztertuko dute berriz. Delportek ez zuen saioa amaitu larunbatean kolpe bat hartu zuelako Toulouseren aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo