PILOTA San Mateo Torneoa
Martinez de Irujo Logroņon jokatzeko prest izango da
Iberoko aurrelariak azken proba egin zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan. Eskuin sorbaldako lesioa sendatuta duela dirudi eta igandeko neurketan aritzeko prest izango da. Ostiralean Altsasun arituko da.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Juan Martinez de Irujok San Mateo Torneoan parte hartuko du azkenean. Horixe iragarri zuen atzo Aspeko aurrelariak Iruñeko Labrit pilotalekuan probak egin ondoren. Dirudienez, jokatzeko prest izango da eskuineko sorbaldako lesioa sendatu ondoren.
Iberoko jokalariak ostiralean jokatuko du lesioaren ondorengo lehen partida Altsasuko Burunda pilotalekuan. Ondoren, igandean, Logroñoko sanmateoetako partidan parte hartuko du. Bigarren neurketa horretan Aritz Begino izango du lagun eta A taldean arituko dira Titin III-Beloki eta Bengoetxea-Barriola bikoteekin batera.
B taldean, berriz, honako bikoteak izango dira: Aimar Olaizola-Oscar Lasa, Asier Olaizola-Iñigo Pascual eta Xala-Oier Zearra.
Irujok iragan asteazkenean egin zuen lehen proba serioa eta GARAri eginiko adierazpenetan nahiko ezkor ageri zen. Atzo eginiko proban, berriz, lesioa hobeto dagoela ikusi zuen. Dena den, aurrelaria oso zuhur ageri zen atzo. «Lehenbailehen jokatu nahi dut, baina zentzuduna ere izan nahi dut», nabarmendu zuen Iberokoak.
Beste alde batetik, argi dago aurrelaria bere maila onenetik urrun egon daitekeela. Irujok ere badaki hori, baina jokatzeari berari ematen dio garrantzia. «Argi dago oraindik oso urrun nagoela nire joko maila onenetik. Baina une honetan jokatzean baino ez dut pentsatzen. Apurka-apurka joango naiz jokoa hartzen eta kantxara egokitzen. Denbora luzea izan da frontoietatik kanpo», adierazi zuen atzo Irujok.
Denbora luzea jokatu gabe
Martinez de Irujok ez du partida bakar bat ere jokatu iragan uztailaren 1ean eskuineko sorbaldan min hartu zuenetik. Abel Barriolaren aurkako neurketa zen, sanferminetako Lau eta Erdiko finalerdian, Zarauzko frontoian. Arazo fisiko hori abuztuko lehen egunetan nabaritu zuen berriz entrenamendu batean. Sake batean min sentsazioa nabaritu zuen eta entrenamendua utzi behar izan zuen. Gauzak horrela, partidarik jokatu gabe egon da bi hilabete baino gehiagoko epean.
Abuztuaren 31n Aspek iragarri zuenez, bere osasun-partean, erresonantziaren eta ekografiaren arabera, Irujoren lesioa erabat sendatuta zegoen. Hala ere, medikuek oso zuhur jokatu zuten, lesio klase horrekin ohikoa baita osatuta egon eta berriz okerrera egitea.
Lesioak alde batera utzita, askok aurpegiratzen diote Irujori aurten ez duela ezer lortu. Izan ere, 2007an ez du emaitza onik lortu Buruz Buruko eta Binakako Txapelketetatik kanpo geratu ostean. Atzo eginiko proban horri buruz hitz egin zuen aurrelariak: «Egia da aurten txapelketarik ez dudala irabazi oraingoz, baina beti ezin da irabazi. Oraindik urte asko dauzkat aurretik pilotan jokatzeko eta lehiaketak jokatuta besterik ez dira irabazten. Orain, berriz ere nire jokoa hartzen saiatu behar dut. Izango dut txapelketetan pentsatzeko denbora».