Beste kontseilari bat eta institutu bat baino askoz gehiago behar du euskarak Nafarroan
Azken hauteskundeen ondoren Nafarroako Gobernuan Hezkuntza kontseilaria aldatu zuten. Hark Euskara Institutuaren sorrera iragarri zuen eta batzuek jarrera aldaketa ere ikusi zuten. Kontseiluak eta Oinarriak elkarteak ere jarrera aldaketa sumatu dute, itxuraz behintzat, baina, halaber, argi ikusi dute aldaketa hori noraino irits daitekeen. Institutu horrek ez du hainbat hizkuntz eskubide bermatzen; ezin ditu bermatu aholku-emaile huts delako eta, beraz, erabakiak beti ere Nafarroako Gobernuak hartuko dituelako. Hezkuntza kontseilariak borondate ona izan lezake eta Gobernu horren euskararekiko ezinikusia baretu egin duela esan liteke, baina ez Institutu horrek ez arduradun berriak ez dute inondik inora gaindituko euskara sustatu eta irakastea eragozten duen legedia. Institutuaren sorrera gizartearen eskariaren aurrean egin beharreko nolabaiteko jarrera aldaketa gisa uler liteke; hala ere, Nafarroako agintarien borondatea lehen bezain erasokorra da euskararekin, eta halakoa izango da hizkuntza politikari dagokionez egiturazko aldaketak egiten ez dituen bitartean. Modu horretan baino ez du borondatea erakutsiko, modu horretan baino ez baita emaitzarik ikusiko.