Nafarroan hizkuntza politika aldatzeko eskatu du Kontseiluak
Nafarroako Euskararen Institutua sortzea «ona» dela baieztatu du Euskararen Kontseiluak, baina zaila ikusi du haren helburuak betetzea baldin eta Nafarroako legedia aldatzen ez bada. Euskaren Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek atzo nabarmendu zuen «euskararen estatatusaren desegokitasunak euskararen normalizazioari muga errealak» jartzen dizkiola, eta egoera hori lehenbailehen aldatzea beharrezkoa dela ohartarazi zuen.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
«Euskararen Institutua sortzea ona da, Nafarroako agintariek euskararen egoera aldatzeko beharra sumatu dutelako; hala ere, hizkuntza-politikak Nafarroan dituen hutsuneak oso handiak dira eta euskararen normalizazioak aurrera egiteko hizkuntza politika errotik aldatu beharra dago». Hori adierazi zuen atzo Xabier Mendiguren Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak.
Mendigurenek aipatu zuen «Institutuaren helburuak interesgarriak» direla, gai garrantzitsu batzuk aipatu dituelako eta «arduradunaren aldaketa» izan delako. «Guk uste dugu Nafarroako hizkuntza politika errotik aldatu behar dela, eta horretarako Euskararen Institutua pauso bat izan daiteke. Arretaz begiratuz gero, horrek pentsarazten digu orain arte hizkuntzarekiko egon den beligerantzia lasaituko dela eta hori positiboa da», esan zuen idazkari nagusiak.
Hala ere, Mendigurenek Euskararen Institutuak «orain arteko politika desegokiak eta estrukturalak izan diren gaiak mantendu» dituela nabarmendu zuen, eta Gobernuaren politika horiek zerrendatu zituen. «Corpus juridiko desegokiak, administrazioa euskalduntzeko borondaterik eza, elkarlanerako gunerik eza, euskaraz idazteko legezko debekua, euskalgintzaren marginazioa, baliabide eskasia, unibertsitatea eta lanbide heziketaren lehengo egoerari eustea eta hizkuntza politika eraginkor baten falta».
Legediaren kontraesana
Euskararen Kontseiluaren idazkari nagusiak Euskararen Institutuaren helburu orokorra betetzea «ezinezkoa» dela nabarmendu zuen. «Institutuaren helburua herritarrek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea bermatzea da, baina 1986ko Ley del Vascuencek helburu hori betetzea eragozten du, euskararen ezagutza eta erabilera lurraldearen zati handi batean debekatzen duelako. Beraz, insitutoaren helburuak eta bitartekoak ezkondu ezinak dira».
Mendigurenen arabera, beharrezkoa da Nafarroan euskarak daukan estatusa aldatzea. «Nafarroan dagoen corpus juridikoak ez dio Euskararen Institutuari helburuak betetzeko aukerarik ematen, euskara ez delako ofiziala lurraldearen zati handi batean. Euskararen estatusaren desegokitasunak euskararen normalizazioari mugak jartzen dizkio».
Xabier Mendigurenek gogorarazi zuen Euskararen Institutuaren eginkizuna «bakarrik aholkuak ematea» izango dela. «Institutuaren ebazpenak ez dira lotesleak izango, eta horrela zaila izango da transbertsalitatea lortzea. Kasu honetan Nafarroako agintarien jokaera honakoa izango dela uste dugu: entzun bai, baina bete ez».
Horren harira, gogorarazi zuen Nafarroako Gobernuak Europatik euskararen egoera hobetzeko aholkuak eman zizkiotenean hartu zuen jarrera. «Hau lehenago gertatu da Europatik Nafarroara iritsi diren gomendioekin. Gogoan izan Europar Batasunak Nafarroari euskararen egoera hobetzeko gomendioak egin zizkiola, eta ikusi dugu ez zaiela jaramonik egin. Orain berriro horrelako zerbait errepikatzeko arriskua dagoela ikusten dugu», aipatu zuen. Euskararen Kontseiluko idazkari nagusiaren aburuz, «euskarak behar bezala funtzionatzeko Lehendakaritza orde bat behar du».
Mendigurenek, alde horretatik, nabarmendu nahi izan zuen ere euskara Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza edo Kultura sailan kokatzen baldin bada, zaila izango dela «transbertsalitatea» lortzea, eta gaineratu du hor kokatuz gero beti arazoak izango direla «euskararen politika egokia» egiteko.
«Euskaren Institutuak orain arteko politika desegokiak mantendu ditu: corpus juridiko desegokia, euskaraz idazteko legezko debekua eta administrazioa euskalduntzeko borondaterik eza», dio Kontseiluak.
Euskaren normalizazioaren alde lan egiten du Oinarriak taldeak. Aurreko ostiralean Nafarroako Euskararen Kontseilua biltzera deitu zutenean, «sekulako hanka- sartzea» egin zela salatu zuten atzo. «Bezperan jakin genuen deialdia izango zela, eta bertan izango zen dokumentazioa jaso genuen. Beraz, 24 ordu baino gutxiago izan genuen testua aztertzeko eta denbora faltarengatik ez genuen gure iritzia emateko aukera izan. Gainera, bidali ziguten testua moldatu egin zuten, eta Kontseiluan beste testu bat aurkeztu zuten. Bestalde, Kontseiluan euskarazko alea izango genuela agindu ziguten eta oraingoz ez dakigu ale hori izango dugun», adierazi zuen Oinarriak-eko kide Aitziber Sarasolak.
Horrez gain, Sarasolak Euskararen Institutoaren sorrerako estatutuetan «atzerriko hizkuntzek lekua izatea» gaitzetsi zuen, Institutuak «euskararen erabilera eta ez beste hizkuntza batzuena» bermatu behar duelako. Oinarriak taldeko kideak, Xabier Mendigurenek bezala, nabarmendu zuen Institutuak ez dituela «hizkuntzaren korpusa aldatzeko» neurriak jartzen, «Nafarroako hegoaldean hezkuntzaren eremu publikoan euskaraz irakastea debekatuta» dagoelako.
Bestalde, Sarasolak aipatu zuen legegintzaldi honetan «euskaren aurrekontuak handitu» behar direla, eta aurreko legegintzaldietan ezagutu diren aurrekontu ereduak «eskasak» izan direla salatu zuen. Oinarriak taldeko kideak ohartarazi zuen Institutuaren sorrerako estatuetan ez dela «inondik inora» administrazioaren inguruko gairik jorratzen. «Ez dira euskalduntze planak iragartzen, eta ez dakigu administrazioko langileek zein betekizun izanen dituzten euskarekiko»