GARA > Idatzia > Gutunak

German Gazteluiturri Arrigorriagako Eskolako AMPA

Espazio arazo larriak Arrigorriagako eskolan

Gure eskolako gurasoek dakitenez, urteak dira Arrigorriagako eskolak espazio arazo larriak pairatzen dituena. Zoritxarrez, arazook urtetik urtera larriagotzen ari dira, bai ikasle berrien matrikulazioarekin zein horren eraginez eskolak eskaini beharreko zerbitzuei begira.

Asko dira egoera jasangaitz honek dakartzan ondorioak, besteak beste: jolastokiko masifikazioa, gela espezializatuen falta (hizkuntza, plastika, musika, ikusentzunezkoa...) eta, oraingoz grabeena, jantokiak eskari guztiei (egunero geratzen diren ohikoei zein egun soltuetan arrazoi desberdinengatik geratzen diren egunekoei) erantzuteko, espazio faltagatik, duen ezintasuna.

Arazo larri hauek eragin zuzena dute hizkuntza-kalitatean, zuzendaritzak eta irakasleriak esplizitoki irakaste-prozesuarekin zerikusirik ez duten arazoei aurre egin beharrak gure seme-alaben hezkuntza-prozesua hobetzearen aldeko dedikazioa murrizten baitu, ezinbestean. Espazio arazoak salatzea eskola-komunitateari dagokio; konpontzea, berriz, Udaletxe eta Hezkuntza Departamenduari, zeinek aspalditik zabaltze-lanak edo zentru berri baterako eraikitze-lanak hasiak edo aurreikusiak euki behar zituzketen.

2007/09/20an eskolako jantokian izandako bileran jende askok Udala arbuiatu zuen, Arrigorriagako hazkundea aurreikusita eta etxe berriak eraikitzeko baimena emanda, populazio berri horrek sortuko zituen hezkuntza eta bestelako beharrak zelan ez zituen planifikatu esanez.

Udal arduradunek esan ahal digute eskolako jolastokian egin nahi den zabaltze-lanetarako proiektua badagoela, baina konponbide honek ez gaitu asetzen, eskolaren urteroko arazoak partxeen bidez konpontzen ari garela. uste baitugu. Egungo arazoari eta egoera honek etorkizunean sortuko dituenei behin betiko konponbidea topatzeko unea heldu dela pentsatzen dugu.

Hezkuntza-komunitate honetako partaideok argi dugu parte hartu behar dugula eskolaren inguruan egingo diren eztabaida guztietan: bai jolastokian egin nahi duten zabaltze-lanarenean zein gure eskolak behar-beharrezkoa duen oraingo eraikuntzatik kanpoko 0-5 urteko zentru berrirako proiektuarenean ere.

Arrazoi guzti hauek direla eta, Arrigorriagako herritar guztioi zuzentzen gatzaizkizue eskolaren arazoei (jantokiko eskariari %100 erantzutea) zein espazio-faltari berehalako konponbidea emateko hasiko dugun sinadura-bilketan zein bestelako ekintzetan parte har dezazuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo