Estatu espainoleko ikuspegia gailenduko da arabako, bizkaiko eta gipuzkoako ikasleen ikasgaietan
Lakuako Hezkuntza Saila garatzen ari den eta hurrengo ikasturtetik aurrera ezarriko den EAEko curriculum dekretuan Estatu espainoleko ikuspegia gailentzen dela uste dute hezkuntza munduko hainbat eragilek; batez ere, gizarte zientzietako ikasgaietan.
Manex ALTUNA
Maiatzean Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek aurkeztutako zirriborroarekin alderatuta «tendentzia» aldatu dela dio Sortzen-Ikasbatuaz taldeko kide Andoni Larizek. «Euskal Herria terminoa gehiagotan agertzen da eta Espainia gutxiago, baina Euskal Herriaren ikuspegia ez dago barneratuta eta Estatu espainolaren ikuspegia gailentzen da», azaltzen du. Izan ere, Euskal Herria Bere Eskolako kide Edurne Larrañagak dioenaren arabera aurkeztutako zirriborroan «Prehistorian ere Espainiaz hitz egiten zen, garai horretan estaturik ez zegoen arren». Halako adibideek Espainiako Gorteetan onarturiko LOE legearen garapena besterik ez dela erakusten duela dio EHBEko ordezkariak eta gainera, atal asko «kopiaturik» daudela ematen duela dio. Horregatik, EAEko curriculum dekretuaren bidez «belaunaldi berriak espainiar legediak inposatutako edukien arabera» heziko direla salatzen du.
Alde horretatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek Espainiar Konstituzioaren «baloreak» eta EAEko Estatutuaren balioak «ezagutu eta bere egin ditzaten» izango da EAEko curriculum dekretuaren helburuetako bat, eta hori guztiz «gaitzesgarria» iruditzen zaio Larrañagari «Hezkuntza Sistema Nazional propioa izatea debekatu eta zigortzen baitu» Konstituzioak.
Ukazio praktikoa
Dekretuaren diskurtsoan Euskal Herriaren definizioa agertzen da eta zazpi lurraldeak hartzen dira kontuan, PSEko eta PPko ordezkariek kritikatu zuten moduan joan den astean Camposek Gasteizko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. Sortzen-Ikasbatuaz-ek nabarmendu duenez, arazoa da «kontzeptua» ez dela edukietan garatzen eta, horren ondorioz, «ukazio praktiko» bihurtzen da. Larizek dioenez, «Euskal Herria edukietan EAE bilakatzen da, zein Espainiako zati den».
Horren adibide da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Kultura Klasikoen atalean aipatzen dena: «Aztertuko da zergatik Euskal Herrian, Espainiako beste zonalde batzuen aldean, gutxiago asimilatu ziren erromatarren hizkuntza eta ohiturak».
Euskal Herriari dagozkion gertaera historikoen inguruan aritzen denean ere beti Estatu espainoleko gertaera historikoekin lotzen dira. EAEko ikasleek Estatu espainoleko errege-erregina katolikoak, Felipe II.aren inperioa edo Carlos V.aren inperioa ikasi beharko dituzte, baina Estatu frantseseko errege-erreginen erabaki historikoak eta erlijioen arteko gerrak ez. Frankismoaren eragina Euskal Herria aipatzerakoan ere joera bera segitzen du curriculumak. Ipar Euskal Herrian XX. mendean izandako gertaera garrantzitsuak -nazien okupazioa eta bi munduko gerrak, esaterako- ez dira aipatu ere egiten eta «trantsizio politikoa» zein «Espainiako estatu demokratikoaren osaketa», berriz, ikasi beharko dituzte.
Larizek nabarmentzen duenez, ikasleak «Europako sistema neoliberalerantz prestatu, bideratu eta hezi» nahi ditu dekretuak era oso «positiboan» agertzen baita beti Europar Batasuna eta ez du hausnarketarik egiten «estaturik gabeko nazioen eta hizkuntza gutxiagotuen» inguruan.
Horiek hala, Sortzen-Ikasbatuaz taldeko eta EHBEko ordezkariek argi utzi nahi dute EAEko curriculum dekretua eta «benetako» Euskal Curriculuma erabat ezberdinak direla, nahiz eta Hezkuntza Sailetik gizartea «nahasten» saiatzen ari diren. Euskal Curriculu- ma «Euskal Herri osoko eskola eta hezkuntza eragileen partaidetzarekin eta Euskal Herriko ikasle guztiei begira eraikitako planteamendu pedagogiko propioa da, euskara eta euskal kultura ardatz dituena da», azaltzen du Larizek; bai eta 2003an Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eginiko hitzarmenaren bidez eraikitzen dela ere. Asmoa aurten amaitzea dela gaineratu zuen.