GARA > Idatzia > Pilota

2012. urteko martxoaren 1a arte Aspen jarraituko du

Kantxatik at ere jokalari ona dela frogatu du Barriolak

Leitzakoak beste lau urterako sinatu zuen atzo, eta joan den otsailean hasitako jokaldia borobildu du

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Abel Barriolak beste lau urterako luzatu zuen atzo kontratua. Hain zuzen ere, Leitzako atzelariak gutxienez 2012. urteko martxoaren 1a arte Aspeko pilotaria izaten jarraituko du. Hala, joan den otsaila bukaeran egindako apustua ezin hobe atera zaio nafarrari, eta kantxan ez ezik, bulegoetan ere maila bikaina duela frogatu du.

Izan ere, Asperekin urte bakar baterako sinatu zuen otsailaren 28an, Eibarko enpresak lau urterako kontratua eskaini bazion ere. Kontua da, Aspek proposatutako kontratu luze horren baldintzek ez zutela Barriola asetzen. Beraz, epe motzean bere jokoak gora egingo zuela aurrez ikusita, Leitzako pilotariak nahiago izan zuen urtebeterako soilik sinatzea.

«Arriskatu beharra dago»

Bere buruan izandako konfiantza horrek saria ekarri dio orain; Buruz Buruko Txapelketan txapeldunordea izan ondoren, eta udan emandako maila bikaina erakutsita, bere balioa asko igo baita azken hilabeteetan. Hori dela-eta, atzo sinatutako kontratuaren eta otsailean Aspek proposatutakoaren artean antzekotasunik egotekotan, epean besterik ez da izango: biak lau urterako kontratuak dira, alegia. Baldintzak ez dituzte jakitera eman, baina, antza, ez dute zerikusirik otsailean, Barriolaren kontratua bukatzeko ordu gutxi batzuk falta zirenean sinatutakoarekin.

Orain dela zazpi hilabete egindako adierazpenak gogora ekarriz gero, Leitzakoari jokaldi biribila atera zaiola esan daiteke. «Urtebeteko kontratua nahi nuen, hobetzeko aukerak baditudala uste baitut. Bizitzako zenbait momentutan arriskatu beharra dago, eta nik uste dut orain tokatzen zaidala arriskuak hartzea», adierazi zuen Abel Barriolak.

Geroztik erakutsitako joko bikainagatik eta bere buruarekiko konfiantzagatik, bejondeiola Barriolari.

 
29 urte

Abel Barriolak 29 urte ditu. Profesionaletan, 1998. urteko otsailaren 22an egin zuen debuta Tolosako Beotibar pilotalekuan.

217 partida

Asperen datuen arabera, 217 partida jokatu ditu profesionaletan: 126 irabazi eta 91 galdu. 4.067 tanto egin ditu eta 3.708 jaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo