GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek itxura tristea emanez ekin dio Ligari

Zuri-gorriek aurrez aurre zuten taldeak mailari eustea du helburu, baina lapurtarrak ez ziren izan entsegu bakar bat ere egiteko gai, eta azkenik berdinketarekin konformatu behar izan zuten

BIARRITZ 15

ALBI 15

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Buru-makur eta kezkati geratu ziren atzo Agilerara gerturatu ziren zalea, ez baitzuten uste zuri-gorrien garaipenik ikusi gabe etxeratuko zirenik, baina horrela joan behar izan zuten.

Biarritzek denboraldi kaskarra egin zuen iaz, eta aurten ere ez du hasiera oso ona izan. Albi mailari eusteko borrokan aritu behar duen talde horietakoa da, beraz, aurkariei irabazi egin behar zaie etxean, eta ahal bada, puntu gehigarria ere lortu, baina atzo lapurtarrek ez zuten entsegu bakarra ere lortu, eta hori kezkatzekoa da.

Hasiera polita

Biarritzek gogotsu ekin zion, eta hasieratik abiatu zen entseguen bila. Hala ere, laugarren minutuan Yachvilik aitzineratu zituen euskaldunak, baina Maillardek drop bati esker partida berdindu egin zuen. Berriro ere lapurtarren jaurtitzaileak aurretik jarri zituen etxekoak, eta berriro ere kanpotarrek berdindu egin zuten beste ostiko bati esker. Jokaldi bera errepikatu zuten beste behin bi taldeek, eta 9-9koa jarri zuten markagailuan, 19. minutuan. Hortik aitzinera, ordea, jokoak behera egin zuen, eta Biarritzen ahaleginak ezerezean geratu ziren. Azken minututean Yachvilik zigor bat gauzatu zuen, eta 12-9koarekin joan ziren bi taldeak aldageletara, atseden hartzera. Bigarren zatia aspergarria izan zen. Etxekoek nahi zuten, baina ez zuten asmatzen, eta kanpotarrek, berriz, ederki ixten zituzten ateak. Bederatzi puntu bakarrik ikusi ahal izan ziren bigarren zati honetan, denak ostikoen bidez etorri ziren. Bukaerarako puntu berdinketa izan zen.

BIARRITZ

15

ALBI

15

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo