GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eusebio Lasa Mahaikidea

Lisboako Ituna=Europa totalitarioa

Estaturik gabeko herriak ez gatoz bat europar potentziaren irudiarekin. Gure sentsibilitatea ingurunearen defentsan, gure bizimolde, hizkuntza eta kulturaren babesean oinarritzen da, geure askatasuna, ohiturak eta nortasun kolektiboa defendatu nahi dugulako

Iragan urriaren 17an eta 18an, Portugaleko 300.000 langile Europa neoliberalaren kontra manifestatzen ziren bitartean, Europar Batasuneko estatu buruek Europar Batasunerako Itun berria adostu zuten. Itun horrek, langile eta herri ororentzat abiapuntu bortitz bat zehazten du, ondoren aipatuko ditugun arra- zoiak direla medio.

Lehenik eta behin, Itun berria ez da demokratikoa, herriei eta herritarroi hitza lapurtu digulako. Europar Batasuneko herritar ugarik gaitzetsi genuen Europar Itun Konstituzional (EIK) bera, inposatu nahi izan digute oraingoan, Lisboako Ituna deritzonaren bidez, orduko EIKren balio garrantzitsuenei eutsiz. Xede horrekin, herrien eta herritarren hitzari erreparatu eta eman beharrean, sorbalda eman digute, herriari kontsultatu gabe eta beraien erabakiak inposatuz. Itun berriak Europa totalitarioa marraztu du.

Ildo horretatik, Itunari buruzko proiektu berriak ez du aurrerapen demokratiko txikiena ere ekartzen. Zergatik? testua ulergaitza eta luzea delako, adituei zuzendua eta ez ordea, biztanleei.

Bestalde, Bruselako legebiltzarrak, subordinaturiko instituzioa izaten segituko du, bizi komunitarioaren arlo inportanteen deliberoetatik kanpo geldituko da, eta are gehiago, ez du inolako ekimen legegilea egiteko ahalmenik izango.

Estatuetako legebiltzarrei dagokienez, Lisboako Itunak parlamentu nazionalak soilik aitortzen ditu, ez ordea auto- nomietako legebiltzarrak, edota herritarrak ordezkatzen dituen bestelako instituzioak. Dena dela, Itun berriak ez die parlamentu horiei ez proiektuen mamiari buruzko eztabaida bideratzen, ezta baimentzen ere. Batzordeak, alta, ahalmen legegile zein judizialak izango ditu, eta Kontseilua organo legegilea izango da. Berriro ere, amaraun instituzional horretan, multinazionalak eta presio taldeek berebiziko papera jokatuko dute. Horrez gain, Europako Banku Zentralaren gainean ez da inolako kontrol demokratikorik izango; Itunak bere helburua azpimarratzen du, hots, prezioen egonkortasuna, Europar Batasunaren helburu bilakatzen dena.

Gauzak horrela, Europar Batasuneko instituzioak urrutiko instituzioak izateaz gain, ilunak dira eta ez dituzte herri eta herritar guztiak ordezkatzen. Ez dira, beraz, demokratikoak sektore asko ukatzen dituztelako.

Alderantziz, Lisboako Itunak eredu neoliberala azkartzen du. Itunak kapitalaren mugimenduaren askatasuna bermatzen du, eta honek aurki ditzakeen mugak eta oztopo guztiak ekiditeko tresna ezin hobea da. Hitz batean, Itunak egon daitekeen ekonomia neoliberalarik basatiena bermatzen du, lehiagarritasuna jaun eta jabe da. Interes orokorreko zerbitzuak gidatzen ditu, eta zerbitzu publikoak ere pribatizatu nahi ditu, funtsean sektore hauen desagerpena probokatzea. Merkatu lehiagarritasunak aberatsak aberasten ditu, merkatua araurik gabe uzten du, lanetik kaleratzea liberalizatzen du, erabakiak urruntzen ditu eta `prekarietatea' sortzen du. Esan nahi baita, bera dela harmonizazio soziala eta fiskala gauzatzeko oztoporik nabarmenena.

Horretaz guztiaz gain, Itun berriak ikuspegi sekuritario eta militaristan sakontzen du. Oinarrizko eskubideen kartari dagokionez, kartak ez ditu ez autodeterminazio eskubidea ontzat ematen, ez hizkuntza guztiak aitortzen, ez eta Turingo kartak biltzen dituen eskubide sozialak ere; beraz, ez du europar eskubide soziala aitortzen. Gabezia guzti hauek ere, ez dute oinarrizko eskubideen karta lotesle bilakatu, ez eta Itunaren parte izatea. Ondorioz, EBko estatukideen erresumetan eskubideak beheraldietan daudela baiezta dezakegu.

Bestalde, Itun berriak tesi atlantistekin bat egiten du, militarismoari ate guztiak irekitzen dizkio, eta beste herrietan esku-hartze militarren aldeko jarrera bultzatu eta agertzen du. Itun berriak Europar Batasunaren ikuspegi sekuritarioa indartzen du, pertsonen eta gure herria bezalako herrien askatasuna murrizten du, ikuspegi ezkorrak bultzatuz.

Estaturik gabeko herriak ez gatoz bat europar potentziaren irudiarekin. Gure sentsibilitatea ingurunearen defentsan, gure bizimoldearen, hizkuntzaren eta kulturaren babesean oinarritzen da, gure askatasuna, ohiturak eta nortasun kolektiboa defendatu nahi dugulako, duintasunez biziz, horretara- ko konpromiso indibidual zein kolektiboak hartu behar baditugu ere.

Arrazoi guzti hauengatik, Lisboako Ituna gaitzesten dugu eta Euskal Herriko langile eta herritar orori dei egiten diogu, Ituna ezagutu, arrazoiz bete, eta langile eta herrien kartzela honen kontra mobilizatzera, euskaldun, langile eta internazionalista gisa. Bestelako Europa bat behar dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo