GARA > Idatzia > Ekonomia

KRONIKA | LURRAMA ERAKUSTAZOKA

Herritarrak eta laborariak uztarri berean elkartuta

Euskal herriko laborantza ganberak antolaturiko lurrama bigarren erakustazokaren estrainaldia izan zen atzo. jendearen emanaz gain, politikari eta hautetsi andaren presentziak nekazaritza iraunkorraren ereduak gero eta aldekotasun gehiago lortzen ari dela frogatu zuen.

p031_f01_199x100.jpg

Arantxa MANTEROLA

Eguraldia ez zen iragarri bezain garbia izan, eguzki printzek zailtasunek pitzatu baitzuten Baionako zerua baina, hala eta guztiz ere, trumilka bertaratu zen jendea ibaiertzean dagoen Chaho eremura.

Iazko eskarmentutik ikasita, aurten antolaketaren aldetik erakustazokan izandako hobekuntzak nabariak ziren. Hasteko, kabalen gunea irekia eta zabala izateari esker, ilararik apenas ikusi zen eta hori bereziki eskertu zuten haurrek eta, nola ez, beraiekin zihoazen helduek ere bai. Baserri mundua hiritarrei erakustea izaki Lurramaren helburuetako bat, askok, haur edo heldu izan, begi handiekin begiratzen zituzten ahuntz azpi-gorriak, euskal arrazako zerramaren titiek askatzen ez zituzten lau txerritxoak, kolore gorri ederreko betizuak edota mota ugariko hegaztiak.

Handik joko-eremura puzgarrietan jauziak egitera edo hainbat tailerretan zaporeen bereizketaren edota elikatze orekaturako lehen oinarriak ikastera joateko aukera gogo onez profitatzen zuten.

Ekoizpenen azokaren karpan, aldiz, helduak ziren interesatuenak Irulegiko ardoa dastatzeko, Ezpeletako biperrak aurten zer prezio egiten duten galdetzeko edo Itsasuko gereziekin egindako erreximentak erosteko.

Hegoko ekoizpenak

Hego Euskal Herriko ekoizpenek ere bere txokoa dute. Atzo eguerdian, hain zuzen, ekoizleekin topaketak egiteko eta zuzenean beren produktuen nondik norakoak ezagutzeko ezarri den gunean Idiazabal gazta, Tolosako babarrunak, txakolina edo txistorraz ari zen Lurlaneko kidea hogeitabost bat entzule erne zituela aitzinean.

Nekazaritza esparruko antzeko erakustazoketan izan ohi diren sailez gain, energia berriztagarriak, agro-erregaiak eta uraren kontsumo zuhurrari buruzko informazio sakona bil daiteke Ura eta energiak izeneko txokoan.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko etxaldeetan erabiltzen den nezakari makineria ikusgai dago beste batean. Hori bai, Lurramak sustatu nahi duen laborantza eredu iraunkor eta gizakiaren tamainara egindakoan erabiltzen diren traktore eta segagailuak erakusten dira bertan. Aurten, gainera, ahalegin berezia egin dute antolatzaileek txoko hori aberasteko, hiritarrak ez ezik, baserritar askok ere interes handiz bisitatzen zuten gunea izan zela ohartu baiziren iaz.

Jateko eta edateko ez da falta, jakina. Ezta musika, banda eta kanturik ere. Glain-eko eremuan dagoen Elkarteen Etxean egin kantaren gauan jan eta abestu gogobiziz egiteko parada eskaini zuen lehen afariak. Igandean, toki berean sukaldari «handiek» prestaturiko bazkaria izanen da.

Jolas eta aisialdi eskaintzaren osagarri, Lurramak sustatu nahi duen laborantzaren ezaugarriak, bere onurak eta arazoak, dituen trabak eta premiak aztertzeko hitzaldiak ere badira. Lehen biak atzo egin ziren Elkar Megadendan eta gaur ere, goizez berrikitan ingurumenari buruz Estatu mailan egindako Grenelle izeneko eztabaidari buruz arituko dira eta arratsaldeko 16.00ean, berriz, laborantza industrializatu gabe elikatzea posible den aztertuko dute.

Goizeko 10.00etatik arratsaldeko 19.00etara etenik gabe igandera arte zabalik egongo den erakustazokak izan zuen, ordea, berezitasunik atzokoan: ate irekitze ofizialean present egon ziren politikari, hautetsi eta erakundeetako ordezkariak, hain zuzen ere.

Politikari ugari

Iazkoarekin aldenduta, oraingoan ez zen asistentzia hain «uzkurra» izan. Baionako auzapeza ez zen han halere, baina beste egitekorik bazuelako. Udal-ordezkaririk ez zen falta izan ahatik. Kolore politiko guztietakoak zeuden baita beste erakunde eta herrietakoak ere eta andana batek hitzartzea egin zuen, Lakuak bidalitako bi ordezkariak egin zuten bezala.

Presentzia ugari horrekin ofizialki administrazio frantsesak onartzen ez duen Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) aitortzen dutela uler daiteke zenbaiten ustetan; alta, udal eta kantonamendu bozen gertutasunak eragindako keinutzat interpretatzen zuenik ere bazen.

Dena dela, begibistakoa da gizartean bederen, babes gero eta handiagoa jasotzen duela eta EHLGk normaltasunerako bidea jorratzen ari dela. Mixel Berhokoirigoin Ganberako presidentearen hitzek gogoratu zuten bezala, «Lurrama Euskal Herriko erakuslehioa izan nahi du; biziarazten duen nekazaritza iraunkorrarena; ingurumena, paisaia, kalitatea zainduz eta belaunaldien jakinduria modernitatearekin uztartuz, biharko laborantza bermatuko duena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo