«Jendea askotan harrituta geratzen da nola jokatzen dugun ikusten duenean»
Eibar taldeko jokalaria
Igoera harmailetatik ospatu behar izan zuen lesio bat zela-eta. Denboraldi-aurrea ere minduta hasi zuen, baina hamar jardunaldi besterik ez ditu behar izan berriro ere Eibarrentzat jokalari garrantzitsua izango dela argi uzteko. Lau gol sartu ditu lau partidatan, eta erabat «harrituta» dagoela aitortzen du. Taldeko pitxitxia da, eta ibilbide honi hala eustea espero du ibartarrak.
Amaia U. LASAGABASTER |
Aazken lau partidatan sartutako lau golek taldeko pitxitxi bilakatu dute Jon Altuna. Albiste ezin hobea ibartarrarentzat, baina, alde txarra ere badauka. Adibidez, azken asteotan komunikabideetan gabiltzanok ematen ari gatzaizkion txaplatada. «Ez nago ohituta, inoiz ez dut hainbeste elkarrizketa eman -onartzen du-. Baina seinale ona da».
Ezin hobe jokatzen ari zaren seinale, hain zuzen ere.
Pozik nago, gustura, ez dut inoiz horrelako boladarik eduki. Gainera, denboraldi-aurrean pasatu nituen hainbat momentu txar...
Horregatik, beharbada, gehiago gozatuko duzu orain.
Horretan saiatzen naiz. Denboraldia fin amaitu ezin, eta denboraldi-aurre onik ere ez nuen egin. Mina daukazu, buruari buelta asko ematen dizkiozu... Gogorra izan zen. Denboraldia ere ez nuen ondo hasi, fisikoki besteen mailan ez nengoela ikusten bainuen. Jokatu nahi duzu, saiatzen zara, baina ikusten duzu ez zaudela besteen mailan. Baina, pixkanaka-pixkanaka, hobeto sentitzen hasten zara, mina desagertzen da, sasoi fisiko hobea lortu eta konfiantza pixka bat ere hartzen duzu.
Hamar jardunaldi joan dira , eta taldearen «izarra» zara. Iaz golak sartzeko erraztasuna daukazula erakutsi zenuen, baina maila aldatuz gero, horrela jarraitzea espero zenuen?
Ez, ez. Egia esan, iaz sartu nuen gol kopuruak ni neu ere harritu samar utzi ninduen. Baina, egia da Eibar, iaz, mailako talde handienetakoa izan zela, aukera asko egiten zuela, eta, beharbada, errazagoa zela golak sartzea. Aurten, ez gara ziurrenik bide horretatik ibiliko, apalagoak garenez, ez dugulako hainbeste gol egiteko aukerarik izango...
Baina gauzak horrela irten dira, eta aprobetxatu egin behar dugu. Hala ere, egia da harritu samar nagoela, inoiz ez baitut horrelakorik egin, lau partidatan lau gol sartzea! Ea beste astebetez irauten duen boladak.
Konfiantza, behintzat, badaukazu eta hori da lehen urratsa.
Azkenean, fisikoki ondo egotea oso garrantzitsua da, baina burutik ere ondo egon behar dugu, konfiantzaz. Konfiantzaz ez dagoenak oso zail dauka gauzak ondo egitea; baina burua ondo daukazunean gauzak egiten saiatzen zara, gogo handiagoz aritzen zara... Ni orain horrela nago. Lehen gola sartzeak konfiantza handia eman zidan, eta haren ostean beste batzuk etorri direnez, handiago.
Taldea antzerako «begiztan» dago. Konfiantzaz ekin zion denboraldiari eta horri esker gauzak ondo irteten ari direnez, konfiantza handiagoa lortu du.
Bai, hasieratik ondo ibili gara, eta horrek asko laguntzen du. Guk bagenekien gure eginkizuna zein den maila honetan, eta zein arma dauzkagun, sendotasuna, lana... Eta, momentuz betetzen ari gara.
Bete, eta gainditu ere bai. Espero al zenuten hamargarren jardunaldian sailkapenean hain egoera lasaian egotea, hain partida onak egin ondoren?
Norberak beti espero du gauzak ondo irtetea, baina nolabaiteko beldurra ere badaukazu, azkenean ez dakizulako taldeak nola erantzungo duen; partidaz partida ikusi behar den kontua da. Baina, gauzak hasieratik ondo egin ditugu, beraz, ezin gara kexatu. Uste dut denboraldi hasieran denok sinatuko genuela orain gauden tokian egotea.
«Ustekabe» hori ondo etorri zaizue. Aurkariak, batzuetan, beranduegi konturatzen dira aurtengo Eibar ez dela ohiko topikoek deskribatzen duten hura.
Kanpora goazenean horrelako topiko mordo bat irakurtzen dugu. Argi dago jokatzen ikusi ez gaituen batek idatzitakoak direla. Gero jendea, askotan, harritu egiten da nola jokatzen dugun ikusten duenean.
«Ezusteko faktore» horretaz gain, zein izaten ari da Eibarren sekretua?
Nire ustez, bai iaztik gaudenok, bai etorri berri direnek, denok oso garbi daukagu non gauden eta zer garen. Eibar bigarren mailako talderik apalena da, eta hori argi daukagu. Askotan, adibidez, jendeak esaten digu Realaren aurretik gaudela; egia da, baina guk badakigu horrelakoekin ez despistatzea oso garrantzitsua dela. Guk 50 puntuak lortzen saiatu behar dugu.
Amaitzeko, Ibartarrek Realaren kamiseta kendu eta Eibarrena ipintzea lortu duzu?
Ez, ez, baina nire lehengusu txikiek behintzat, Eibarrekoak direla esaten dute. Baina, herrikideak, lagunak, pozik daude, momentua nirekin batera gozatzen. Gainera, nik uste dut Eibar Euskal Herri osoan talde maitatua izan dela beti; jendea poztu egiten da gauzak ondo irteten direnean.