GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Ongi jokatu ez arren, heldu da Biarritzen lehen garaipena

Dimitri Yachvili izan zen euskaldunen jokalaririk onena, lortutako hamabi puntuak bereak izan ziren, zigor kopeei esker egindakoak

BRIVE 7

BIARRITZ 12

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ezin esan Biarritzek partida ona egin zuenik, baina garaipena lortu zuen, eta gauzak hala egonda, horixe eta Yachvili jokalariaren lana dira atzoko berririk onenak.

Lehen jardunaldian etxean berdindu zutenez, zuri-gorriei atzo garaipenak baino ez zien balio, eta nola ez, ahal zela, bost puntuak eskuratzeak; baina gauzak horrela egonda, une honetan gehitxo dirudi lapurtarrei lau entsegu eskatzeak, jokatu dituzten bi partidetan ez baitute bakarra ere egin.

Atzo gauzak gaizki hasi ziren. Brive erasora atera zen, eta berehala aitzineratu ziren transformatutako entsegu bati esker. 7-0 jarri zen markagailua, baina hortxe amaitu ziren etxekoen puntu guztiak.

Gero, Biarritzek tamaina hartu zion jokoari, eta nagusitzen hasi zen. Atzean sendo aritu ziren, erasora bizi ateratzeko asmoarekin, baina aurrera begira nahiko kamuts ibili ziren. Hala ere, lau zigor kolpe atera zituzten; Dimitri Yachvilik ez zuen barkatu, eta taldeari garaipena eman zion.

Izan ere, horixe izango baita denboraldi hasiera honetan zuri-gorriek izan duten berririk onena. Lapurtarren jaurtitzaileak iaz denboraldi kaskarra egin zuen, eta ondorioz, Munduko Txapelketatik at geratu zen. Horrek mesede egin diola dirudi, eta denboraldi hastapen honetan denak barrura sartzen ditu.

Eskerrak Yachvilik sasoiko ekin dion Ligari, bestela, komeriak orain talde euskaldun taldearentzat. Hori bai, hemendik aurrera ez ditu izango Brive eta Albi, beraz, talde indartsuen aurka zerbait gehiago egiteko gai ez baldin bada, jai izango du. Hori bai, kontuan hartu behar da Mundialean aritutako batzuk falta zirela; zaleak itzulera horien zain ari dira, haiekin taldearen jokoak hobera egingo duelakoan.

BRIVE

7

BIARRITZ

12

Avironen eta Akizeren arteko neurketak sekulako ikusmina piztu du

Avironek gaur Akize hartuko du Jean Dauguer zelaian. Lapurtarren eta landestarren arteko norgehiagoka derbia dela esan daiteke. Akize Lapurditik oso gertu dago, eta partida hauek beti izan dira derbiak.

Aspaldian Landesetako taldea ez da izan onenen artean, eta aurten itzuli da bertara. Beraz, ez da harritzekoa neurketa honek ikusmin handia piztea, eta Jean Dauguerren sartzeko salgai jarri dituzten 15.000 sarrerak agortu dira jadanik.

Jokalariei dagokionean, Tewhata izango da zuri-urdinen artean jokatu ezinik dabilen bakarra. Akizen, aldiz, Lievremont eta Wiliams jokatzeko moduan daude.

ALDE ONA

Biarritzek garaipena behar zuen lehen jardunaldian izandako berdinketaren ostean, eta lortu du. Ongi jokatzea ere beharrezkoa da, baina atzo jokoaren gainetik zeuden puntuak, eta horiek, behintzat batu ditu.

Kezkatzekoa

Zuri-gorriek atzokoan ere ez zuten entsegu bakar bat lortzeko modurik izan; Bi jardunaldi jokatuta ere ez dute oraindik entsegurik egin, hori, Biarritzen mailako talde boteretsu batentzat, oso kezkagarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo