KRONIKA Galeuska
Iruditeria bizi eta eraberritzeko bideak lugoko galeuskan
stegunean iritsi ginen Lugora. Irudimenak hegan egiten omen du, baita iruditeriak denboran zehar ere. Halatsu abiatu ziren hitzak, Herrialde Katalanetakoak nahiz Euskal Herrikoak, Galiziakoekin bat egiteko esperoan. O
Oier GUILLAN
Hamahiru gara Euskal Idazleen Elkartearen eskutik abiatu garen kideak: Fito Rodriguez, Iratxe Retolaza, Joxemiel Bidador, Xabier Gantzarain, Juan Ramon Makuso, Gerardo Elorza, Iosu Iraeta, Leire Bilbao, Igor Estankona, Joakin Balentzia Tirapu, Castillo Suarez, Jon Abril, eta lerroon sinatzailea. Ponentziak nahiz sormen lanak irakurtzera batzuk, modu batean edo bestean parte hartzera guztiak.
Iritsi eta gutxira hiru lehendakariak harrera ekitaldi batean mintzatu ziren. Herrialde Katalanetako idazleen izenean Guillem Jordi Graells, Euskal Herrikoen izenean Fito Rodriguez, eta Galiziakoen izenean Cesareo Sanchez Iglesias. Azken honek iruditeriaren gaia aurkeztu zuen, kultur ikuspegi batetik bizirauteko eta etengabe birsortzeko duen garrantzia nabarmenduz. Galeuskari dagokionez: «bitartekaririk gabe ari gara elkar ezagutzen, modu zuzenean, askotan gu existitzea nahi ez dutenen eskutik errealitatea filtratua etortzen baita». Izan ere, hori izan daiteke horrelako hitzorduen indarra: idazleen arteko hizketaldietan, mikroetatik at ere, mamitzen diren zalantzak, galderak, proiektuak,eztabaidak... iraganeko proiektuen oroitzapena, egungo proiektuen berri jasotzea, etorkizuneko proiektuen mamitzea.
Ostirala bete iruditeria
Iruditeriaren iturrien ingurukoa izan zen lehenbiziko hitzaldi sorta. Alfons Llorençek kataluniar literaturaren iruditeriaren oinarriak aztertu zituen adibide zehatz bat baliatuta: urte luzez mantendu den Elxeko festaren mundua eta misterioa. Haren ostean Xosé Mirandak galegoaren kasua aztertu zuen, ahozko literatura zuelarik ardatz nagusi.
Mirandak azaldu zuenez ahozko literaturan genero anitz dago: batzuk prosaz, beste batzuk bertsoz, eta gainera badaude esaerak, igarkizunak, errefrauak, haur folklorea eta abar. Genero horietan topa litezke literatura galegoan arras garrantzitsuak izan diren irudiak, istorioak. Mirandaren ustez gainera, «argia da oso herri mitologiak eta ahozko literaturaren genero zenbaitek literatura idatziarekin duten harremana».
Iratxe Retolazarena izan zen euskal literaturaren iruditeriaren iturriak aztertzeko ardura. Retolaza ez zen bertan izan, baina Gerardo Elorzak hartu zuen bere gain txostena azaltzeko ardura, eta euskaraz aurkeztu ondoren galegoz ere egin zuen.
Retolazak Anuntxi Aranaren «Mito hurbilak» liburua izan du gogoan iturrien irudia hartu eta hiru ataletan banatzeko orduan: lurreko urak, ura gainditzeko baliabideak eta zeruko urak. Lurreko urekin harreman estua duten izaki mitologikoekin, lamiekin, abiatu zen gogoeta: «lamiak errekaren ondoan dabiltza, joan doan uraren ondoan. Horregatik, erreka eta lamiak denbora iragatearen sinbolo dira». Talde iruditeriaren parte bilakatu diren natura-elementuen berri eman zuen ostean, «mitoak ukatzeak, indarrean den iruditeria ukatzeak, berriak sortzeko bideak zabalduko ditu». Bide horretatik etorri ziren bestelako adibideak, G. Arestik sortu harriari buruzko iruditeria kasu.
Errekaren irudiarekin jarraituta, jendartea ur horri eusten saiatzen da, errotaren sinboloa, Koldo Izagirreren lana lekuko. Hari horretatik tiraka aipatu ziren halaber, aingura, itsasoa, portua edo hiri ereduaren presentzia euskal iruditerian. «Zeruko lanak» izeneko hirugarren atalean euskal mitologian zeruko izakiak izan diren Ortzi eta Mariren erabilera aztertu zuten.
Euskal literaturaren iruditeria iturriei buruzko azalpena galdera batzuk gehituta amaitu zuen Retolazak bere lana «euskal literaturak ba al du gaur egun, belaunaldirik gazteenetan iruditeria kolektiboa osatzeko gaitasunik? ahozko literaturak iruditeria sortzeko ahalmena gordetzen duelakoan nago (bertsolaritzak, kantugintzak, antzerkiak...), baina literatura idatziak?».
Klasikoen txanda
Atzoko eguna amaitzeko iruditeriaren klasikoak aztertu zituzten. Caterina Valriu, Joxemiel Bidador eta Darío Xohán Cabanak literatura kataluniarra, euskalduna eta galegoa izan zituzten hizpide hurrenez hurren.
Bidadorrek azaldu zuenaren arabera, XX. mendeko idazleek irudimenaren erabilera literarioa berezkoagoa dute: «lan hau osatzeko nahiago izan dut aurreko mendeetako idazle zaharretara jo, lan zaila bestalde, horiek gehienak, gai erlijiosodun testuak zirriborratu baitzituzten, a priori behintzat, fantasiari toki handiegirik uzten ez diona». Lan horiek herri xumea zuten hartzaile, hortaz «egileak irudimenari leku handiagoa utzi behar izan dio, batez ere adibideetan, hau da, gertaeretan, ipuin motzetan, narrazioetan, anekdotarioan alegia».