GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaldunakoaren urtemugan lanean jarraitzen du Ahotsak-ek

Gaur urtebete, Bilboko Euskalduna Jauregia lepo bete zen. Ia 3.000 emakumeren ahotsak elkartu ziren bertan, bake eta normalizaziorako bidea jorratzeko borondatea agertzeko. Urteurren honetan, prentsa-oharra kaleratu du Ahotsak plataformak, jarduera publikorik ez badu ere, lanean jarraitzen duela argitzeko eta bere oinarriek bizi-bizirik dirautela egiaztatzeko. «Hau ez da etsipenerako garaia, kontrakoa baizik», nabarmendu du plataformak.

p024_f02.jpg

GARA | BILBO

Ahotsak plataformak lanean segitzen duela argi utzi nahi izan zuen atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuen ekitaldi jendetsuenaren lehenengo urteurrena bete den honetan. Prentsa-ohar baten bidez zera ja- kinarazi zuten atzo: «Gure sorrerako irizpideak indarrean daude erabat», esan zuten.

«Gauza asko aldatu dira urtebetean, baina oinarriek bizi-bizirik diraute -erantsi zuten beren mezuan-. Elkarrizketa politikoaren kriminalizazio saioaren aurrean, gaur, horren balioa aldarrikatu behar da inoiz baino gehiago, elkarrizketarik gabe, bazterketarik gabe eta aurreiritzirik gabe, baita gizabanako guztien eskubideekiko errespetua ere», gaineratu zuten .

Indarrean bakarrik ez, irizpide horiek gaur «euskal gizartearen gehiengo oso handiak bere» egiten dituela txalotu zuen ideologia ezberdineko emakumeek sortutako plataformak. «Ahotsak-ek lan egin du, lan egiten ari da eta lan egiten jarraituko du, elkarrizketa babesteko, lotzen gaituena babesteko -bereizten gaituenaren gainetik-, beti ere bakea eta normalizazio politikoa helburu izanda», adierazi zuten.

Horretarako «lan eskerga» egin beharko dela onartu zuten, eta bide honetan berebiziko garrantzia eman zieten tokian tokiko taldeei. Dozenaka lekutan honelakoak eratu direla jakinarazi ondoren, beren egitekoa orain arte jorratutako bidean aurrera egitea eta sakontzea izango dela argitu zuen plataformak.

2001. urtetik orain arte

Ildo honetatik, hitzordu berezi baten berri eman zuen plataformak: urtarrilaren 12an Burlatan mintegia egin behar dutela jakinarazi zuten, parte hartu nahi duten emakume guztiei irekia.

Izan ere, egoera politikoa be- hin negoziazio prozesua bukatuta goitik behera aldatu bada ere, Ahotsak ez dela sekula geldirik egon nabarmendu dute urtemuga honetan. Azken hilabete hauetan, bere jarduerak hedabideetan «jende aurreko za- balpenik» ez duela izan aitortu zuten, baina «honek ez du esan nahi inola ere jarduna eten denik, ezta 2001. urtean lehenengo urratsak ematera bultzatu gintuzten irizpideak bertan utzi behar ditugunik». Ekimena 2006ko apirilean Donostian aurkeztu zuten arren, oinarriak aurretik jarriak zirela zehaztu zuten beraz.

«Ahaleginak biderkatu»

Egungo hausnarketa hau iazko abenduaren 2an Euskaldunan gertatutakoari gainbegiratua emanez abiatzen da. Egun horretan 3.000 emakume inguruk helburu bakarrarekin bat egin zutela ekarri du gogora.

«Geroztik etorri den urtebe- teak ez du hainbeste espero dugun bakea eta normalizazio politikorako agertokia egonkortzeko balio izan. Baina hau egiaz- tatzeak ez gaitu etsipenera eraman behar, kontrakoa baizik. Ahaleginak biderkatzeko eta helburuei eusteko arrazoirik onena da hori. Ahotsak-en honela ulertu dugu, eta horregatik egin dugu aurrera hainbat esparrutan», laburbildu zuen kolektiboak, nahiz eta azken hilabete honetan horren hedapenik ez den egin.

Lan isil honen berri ematean, zera ekarri nahi izan zuten gogora emakume hauek guztiek: «Gu ez gabiltza txalo bila, gu ez gaitu kritika basatiak kokiltzen; bakearen alde eta normalizazio politikoaren alde lan egiteak merezi duela pentsatzea da animatzen gaituena». Eta Euskal Herrian pilatutako atxekimenduaz «harro» sentitzen direla erantsi zuten.

TOKIKO TALDEAK

Garrantzi berezia ematen die plataformak dozenaka herritan sortu diren tokian tokiko taldeei, eta markatutako bidean sakontzeko lan egingo duela nabarmendu du Ahotsak-ek.

Burlatan hitzordua

Azken hilabeteetan isil-isilik lan egin badute ere, Burlatan urtarrilaren 12an mintegia egiteko asmoa dutela aurreratu dute emakume hauek. Han hausnarketa irekia egiteko asmoa dutela jakinarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo