GARA > Idatzia > Pilota

PILOTA Lau eta Erdiko Txapelketa

Finaletako zorigaitza ahaztu eta txapela janzteko prest

Titinek eta Barriolak, sei final bien artean eta txapel bakarra, urteko azken titulua eskuratu nahi dute gaur

p059_f01_199x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Augusto Ibañez Titin III.ak eta Abel Barriolak jokatuko dute gaur Gasteizko Ogeta pilotalekuan (18.15, ETB-1) Lau eta Erdiko Txapelketaren finala, ezker paretako esku pilotak izango duen urteko azken final handia. Finalerdietako ligaxkan bi onenak izan ostean, gaur dute biek beren ibilbidean beste txapel bat janzteko aukera.

Finalaren aurreko astea Titinen aitaren heriotzak markatu du hein handi batean. Errioxarraren aita aurreko igandean hil zen Tricion bihotzekoak jota eta pilotaria finala ez jokatzekotan ere egon omen zen. Azkenean, ordea, Titinek jokatzea erabaki du aitaren borondatea eta zaleen nahia betetze aldera.

Pronostikoak egitea beti zaila izaten den arren, Abel Barriola irtengo da gaur ere faborito. Izan ere, zenbakiek argi eta garbi hitz egiten dute bere alde: Lau eta Erdiko Txapelketan elkarren aurka aritu diren hiru aldietan Leitzakoa nagusi izan da, azkenekoz, aurten bertan finalerdietako ligaxkan.

Norgehiagoka hura joan den azaroaren 4an jokatu zuten Eibarko Astelena pilotalekuan eta Barriolak 22-18 irabazi zuen 18-13 galtzen ibili eta gero. Titinek, beraz, esku-eskuan izan zuen garaipena. 336 pilotakada jo zituzten eta 66 minutuko iraupena izan zuen. Gogortasun horixe izan zen, hain zuzen, Titinek partidaren azken txanpan uste baino gehiago sumatu zuena.

Beste bi aurrekariak ere ez dira oso urrunak denboran. Iazko finalerdietako ligaxkan berriz ere elkarren aurka jokatu behar izan zuten. Logroñoko Adarraga pilotalekuan izan zen eta Abelek 22-16 gainditu zuen Titin. 2004ko ekitaldian, azkenik, final-laurdenetan egin zuten topo Aspeko bi pilotariek eta orduan emaitza dezente nabarmenagoa izan zen: 22-8.

Aurrekari horiek direla-eta, dirua 80/100i irtengo da gaur gutxi gorabehera. Baina ez da ahaztu behar Titinek jokatu dituen azken bi partidak irabazi egin dituela faborito izan ez arren irudi bikaina emanda. 8an utzi zuen Irujo Labriten eta 19an Aimar Olaizola Gasteizen bertan. Triciokoak azken asteetan gora egin duela esan daiteke.

Iritsi bai, baina...

Baina Lau eta Erdian bai Titinek eta bai Barriolak arantzaren bat sartuta baldin badute, finaletara iritsi arren txapela jantzi ezina da hori. Titinek bi final ditu jokatuak kaiola barruan, baina ezin izan du inoiz neurri motzeko txapelik irabazi; Barriola, berriz, lau finaletara iritsi da eta Lau eta Erdiko titulu bakarra du bere garaipen zerrendan. Irabazteko grina, beraz, handia da oso.

Titinek aspaldi jokatu zuen bere lehen finala kaiola barruan. 1997an Julian Retegi handiaren aurka neurtu zituen indarrak eta 22-21 galdu zuen partida gogoangarri batean 21-16 irabazten aritu eta gero. 2003an, aldiz, Jorge Nagoreren kontra jokatu zuen eta 22-15 galdu zuen errioxarrak.

Barriolak ere ez du zorte handirik izan finaletan. Jokatu zuen lehenengoa irabazi egin zuen 2001ean Patxi Eugiren kontra (22-10). Baina ordutik jokatu dituen beste hiruretan galtzaile izan da: 2002an (22-13) eta 2004an (22-8) Aimar Olaizolaren kontra eta iaz (22-21) Martinez de Irujoren kontra.

Final horiek guztiak Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatu zirenez, bi finalistek bikain ezagutzen dute Gasteizko pilotalekua, nahiz eta oso oroitzapen onak ekarri ez. Material aukeraketan bi protagonistek onartu zuten frontoi ona dela beraientzat, erasoan dabilen pilotariari mesede egiten diolako lurraren azkartasunak.

Aireko jokoa eta boteko jokoa aurrez aurre. Bakoitzak bere eredua gainezarri nahiko du eta aurkaria bere sarean sartzen duenak asko izango du irabazita. Sarrera guztiak salduta, eta bai Leitzako, bai Tricioko jarraitzaileak harmailak lepo bete, eta beren herrikidea animatzeko prest. Jokatzea bakarrik falta da.

AURREKARIAK

Titinek eta Barriolak hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka Lau eta Erdiko Txapelketan eta hiruretan Leitzako atzelaria irten da irabazle. Azkenekoz, aurten bertan finalerdietako ligaxkan.

AZKENA

Abenduaren 4an jokatu zen partida hura eta Abelek 22-18 irabazi zuen 18-13 galtzen joan eta gero. 336 pilotakadako partida izan zen eta 66 minutuko iraupena izan zuen neurketa gogor hark.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo