juan luis mugertza Berango
Ideologia: buelta eta buelta
Juan Carlos Erregeak oso urte txarra pasatu omen du. Errua ezkerreko errepublikarrek, Hugo Chavezek, alabaren ezkontza-banantzeak eta abarrek izan omen dute. Bai, ez da sasoi bateko hizlaria, ezta gudaria ere, Afganistanen itxura hori eman bazuen ere. Gainera, hirurogeita hamar urte egin ditu, eta maitasuna eta mimoak behar. Horregatik, Espainiaren alde sutsuki aritutako politikariengana jo du, eta gonbidatu ditu asteazkeneko afari-konpromisora. Guztira, laurehun bat lagun daude inbitatuta, euren lagunkidekin. Tartean, Asturiasko printze-printzesak eta infantak; Jaime de Marichalar zalantzatan omen dago. Oso polita izan behar, behin herriarekiko ardura alde batera utzitakoan, gustuko lehiakideekin egindako argazkiak ikustea eta gogora ekartzea orduko esamesak. Bai, sekulakoa Juan Carlos Erregeak gonbidatu guztiak banan-banan agurtu eta esker onak adierazitakoan hitzaldia entzutea eta txaloz berekiko atxikimendua erakustea Patio de los Austrias izeneko afari dotorean platerak, edalontziak, botilak... eta irriak kanpoko torturatuen garrasiak isilarazi bitartean, demokrazian hitzak agintzen baitu. Llamazares, gorbata gorria jantzi, ondo eman ohi dizu eta; Ibarretxe, zuk urdina, itxaropenaren kolorea da eta.