Jon-M. Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria
Zertarako Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzaren arloko Euskal Plana?
Plan honekin, gai hau gai seriotzat hartzen duten punta-puntako herrialde aitzindarien artean kokatzen da Euskadi
Eusko Jaurlaritzak «Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntzaren arloko 2008-2011 Euskal Plana» onartu zuen 2007ko abenduan, euskal gizarteko maila guztietara giza eskubideetan eta bakean oinarritutako kultura hedatzeko behin betiko lan-esparru egonkor, koordinatu, sistematiko eta etengabea ezartzen duen plana, alegia. Plana diseinatu eta idazteko prozesuak gutxi gorabehera hamalau hilabete iraun du; Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak horrelako prozesuetarako egokitzat jotzen duen epean egin da beraz.
Alabaina, planifikatu beharreko gaiaren labaintasunak eztabaida publiko antzu samar eta behar bezala bideratu gabea ekarri du. Gure herrian eztabaida publikoa harraparitza huts bilakatzen da batzuetan, eta ez gara gai izaten zer den garrantzitsua eta zer hutsala bereizteko. Badirudi zenbait gaitan muturreko formulak gailentzen direla: zuk irabazi, edo nik irabazi. Printzipio abstraktuak eta ideia handiak hitzetik hortzera erabiltzen dira, eta giza eskubideena bezalako gaietan proposamenek aurrera egiteko ezinbestekoa den eztabaida zehatza zokoratzen da, lanerako topaleku egokia aurkitzea ezinezkoa bailitzan. Horrek zaildu egiten du hainbat urratsen onurez jabetzea. Horregatik, nire aburuz, Planaren aurkezpena euskal gizartearentzat berri ona dela justifikatzen duten zenbait alderdi nabarmendu nahi nituzke. Bestela esanda, zer irabazten du gizarteak planarekin?
Antolamendua eta eraginkortasuna irabazten dugu. Orain arte bagenuen bakearen aldeko hezkuntzaren eta giza eskubideen aldeko kultura sendotzeko beharraren inguruko adostasuna, baina kontzientzia hori modu sakabanatuan gauzatzen zen. Koordinatu gabeko ekimen gehiegi zeuden eta ez zen ondo jakiten ekimenek nolako emaitzak ekartzen zituzten. Politika guztien lehenengo faseetan hastea izan ohi da garrantzitsuena. Baina bigarren pausoa nora goazen planifikatzea izaten da, koordinazioa eraginkorra izan dadin herrialde osoa antolatzea eta diagnostikoa eta ebaluazioa egiteko elementu egonkorrak jartzea, horrela izango baikara gure pausoen jabe, eta hobeto neurtuko baititugu emandako aurrerapausoak. Planak beharrezko azpiegitura eskaintzen digu: organo espezifikoak sortu dira ekintzak sustatzeko, ebaluatzeko, hobetzeko... baita jardueren mapaz ohartzeko eta ahalik eta etekinik handiena ateratzeko informazio egokia edukitzeko ere.
Gizartearen parte hartzea eta instituzioen arteko koordinazioa irabazten dugu. Aurreneko aldiz, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta udalak batera ari gara lanean; bakoitzak bere autonomia eta espezifikotasunekin, baina denak batera. Gizarte zibilarekin bat egiteko funtsezko asmoarekin gainera. Erantzukizun publikoa dela-eta, giza eskubideen eta bakearen aldeko hezkuntza uko egin ezin zaion zeregina da. Baina hori lortzeko politikaren diseinuak nahiz edukiak eta gauzatzeko moduak ahalik eta partekatuena izan behar du, eta hezkuntzako eragileek eta gizarte erakundeek ere parte hartu behar dute zeregin horretan. Gizartearekin bat egitearen erakusgarri garbia dugu Giza Eskubideen eta Bakearen Aldeko Hezkuntza Elkarteen Foroa, gure auzo, herri eta hirietan lanean diharduten 30 bat GKE biltzen dituena. Foro ireki eta autonomiaduna da, Jaurlaritzaren ondoan aritu da plana diseinatzen eta zeresan handia du plana gauzatzeko orduan.
Giza eskubideen eta bakearen aldeko politika hau nazioartean azaltzea irabazten dugu. Plana, zorrotz eta zehatz-mehatz, bat dator Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi komisarioak, UNESCOk eta Europako Kontseiluak sustatzen duten planekin. Eta hori ona da, lehenengo aldiz sartu baititugu politika honetan haien definizio eta printzipioak, antolaketa eta kudeaketarako proposamenak, eta ebaluazio eta diagnostikorako irizpideak. Horri esker, geure burua erakutsi ahal izango dugu bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren arloko nazioarteko korronteetan. Baina, batez ere, oinarri sendoak jarri ditugu epe ertain eta luzean gai hau hondar politikotik ateratzeko. Seguru asko, tematuta jarraituko dute terminologia honetan edo bestean joera politikoa ikusten ahalegintzen direnak, baina egia esanda, giza eskubideen aldeko lan sistematikoaren arloan gauza gutxi dago asmatzeko. Norabide egokia hartzeko, nahikoa da kontzeptu eta printzipioak definituak dituzten nazioarteko ibilbidetan sartzea. Horixe da plan honekin lortu nahi izan duguna, alegia, nazioarteko erakundeek esaten diguten moduan lanean hastea, betiere ekimenak gure lan tradizioetan eta espezifikotasunetan txertatuz.
Ziurrenik plana ez da ehuneko ehunean alderdi politikoen gustukoa izango. Ez da Jaurlaritza osatzen duten alderdien uste sendoei ehuneko ehunean erantzuten dien plana, ezta planaren zuzen-zuzeneko sustatzaileen usteei erabat erantzuten diena ere. Hainbat sektoreren artean eraiki eta Nazio Batuetan, giza eskubideen arloko agintari gorenek diseinatutako lan ereduetan, ainguratu nahi izan den plana baita. Horrek lasaitu egin beharko gintuzke, eta batzuen eta besteen uste irmoak hain sustraituta egoteagatik oraindik lortu ezin ditugun adostasunak finkatzea ahalbidetu beharko luke. Baina ez dezatela adarrek basoa ezkutatu: plan honekin, gai hau gai seriotzat hartzen duten punta-puntako herrialde aitzindarien artean kokatzen da Euskadi. Hau, itxuraz, ez da beste ekimen batzuk bezain ikusgarria izango, baina oso garrantzitsua da gizarte, politika eta instituzioen eraikuntza bidezkoagoa eraikitzeko lehenengo bermea diren giza eskubideez eta bakeaz ohartzen den gizarterantz joateko.