GARA > Idatzia > Mendia

Eskalada Bide berriak

9b zailtasuneko bi proposamen berri

Dani Andradak esku artean zuen «Ali-Hulk sit start extension» (Rodellar) proiektua askatu du. Fred Rouhling frantziarrak, berriz, «Salamandra»-rekin bere bigarren 9b bidea aurkeztu du.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Kirol eskaladan muturreko zailtasuneko proposamenei dagokienez, joan den urtea 9b mailako bi bide berrirekin amaitu zen. Horrela bada, hain gorabeheratsua den zailtasun horretako taldeari beste bi kide gehitu zaizkio. Gogora dezagun 1995ean Fred Rouhlingek Akira bidearentzat 9b proposatu zuela eta 2003an Bernabe Fernandezek Chilam Balam-entzat 9b+.

Orain, berriz, Rouhling berak eta Dani Andradak 9b bana aurkeztu dizkigute. Eta azkenarekin hasiko gara; izan ere, joan den azaroan Ali-Hulk sit start extension marra kateatu zuen. Nahiko izen aldrebesa Rodellarko (Huesca) Ali Baba haitzuloan dagoen proposamen horrentzat. Eta hori esan behar, Ali Hulk bidea (9a) eserita hasteko (sirt start) proposatu duelako, eta horri, gainera, luzapena (extension) gehitu diolako. Bai, Ali Baba haitzuloan dagoen «mapa» oso korapilatsua da.

Proposamen berriaren izaerari dagokionez, izenaren nahaspilarekin gertatzen den legez, bi ezaugarri batu ditu: blokearen indarra eta 80 mugimenduko marra batek eskatzen duen iraupena. Horrela bada, blokearen eta ohiko bide baten erdian kokatu behar da eskalatzaile madrildarraren 9b-ko proposamena: «Batzuek esan dute blokeko lan handia dela, baina, ohartuz gero, beti goranzko joera dauka. 85 mugimendu ditu, eta horrek egun dauden bideen artean luzeenetakoa bihurtu du».

Andradak argi dauka proposamen soila dela eta balizko kateatzaileen iritzia itxaron beharko dela: «Nik egindako muturreko beste bide batzuekin alderatuta, uste dut marrari jarri diodan zailtasuna nahiko fidagarria dela. Duela urte batzuk Akira probatu nuen, eta honen izaerarekin antza badu. Ia-ia Ali Hulk bezalakoa da; hots, soka lotu gabe eskala daiteke. Haatik, uste dut Akira 9a+ izan daitekeela. Chilam Balam ere probatu dut, baina beste estilo batekoa da. Eta gainera oso-oso gogorra da jarraikortasun handia eta buruari asko eskatzen diolako; pazientzia handiz hartu beharreko bidea da».

Ali Hulk sit start extension bidearen lehenengo zatia sokarik gabe egin daiteke. Hasteko, sabai handi bat gainditu behar da, 8c+ edo 9a zailtasunekoa; ondoren, belaunarekin oso atseden ona egin; eta amaieran, 8c+ mailako 14-15 metro igo behar dira. Gaur egungo beste bide batzuekin gertatzen den legez, Andradaren marraren erdian soka gerrira lotu behar da.

Rouhlingen bigarren 9b-ko bidea

Eta Rodellartik Frantziako Saint Pierre eskolara, handik aipatu dugun 9b zailtasuneko bigarren proposamena iritsi delako. Salamandre du izena eta, Akira-rekin batera, frantziarraren bigarren 9b-ko bidea dugu. Guztira 32 metro luze da eta hatz bakarreko mugimendu indartsuak dira nagusi: «8a-ko tarte bat eskalatu ostean, blokeko 8a+/b mailako pauso gogor bat gainditu behar da. Zulo txiki-txiki batean hatzaren punta sartu, eta egin beharreko indarra oso basatia da. Ez dago atseden lekurik, eta amaitzeko 8b+ zailtasuneko tarteari egin behar diozu aurre».

Rouhlingek adierazi duenez, bidea ikusi ahala haren sarean erori zen. Baina, era berean, ohartu zen blokeko pausoa asko kostatuko zitzaiola. Hori dela eta, Wolfgang Gulich-ek asmatutako campus board-en gogotsu jardun zuen; izan ere, hatzak gogortu behar zituen. Oso entrenamendu eraginkorra lortu zuen eta zati hori hatzetan minik hartu gabe eskalatu zuen.

Salamandre, berez, Francois Ducastel eskalatzaile zein bide prestatzaileak sortu zuen. 32 metrokoa da, eta erabat naturala. Zuloak, lerroartekoak, hatz bakarreko zein biko heldulekuak, eroria, iraupena, indarra... denetarik dauka Salamandre-k. Eskalatzaileak aurreratu duenez, zaila da bidea baldintza egokietan aurkitzea: «2006ko azarotik aurrera erabat bustita egon zen, eta iazko abuztura arte itxaron behar izan nuen; hots, lehor-lehorra egon arte. Tartean bidea lantzen eta saioak egiten ibili nintzen. Nahiz eta nahiko hezea egon, lanean jarraitu nuen eta udazkenean, azkenik, aukera izan nuen behin betiko ekinaldiak egiteko».

Proposamen berriaren zailtasunari dagokionez, eskalatzaile frantziarrak adierazi du Salamandre 9. graduan kokatu behar dela: «Jakin badakigu bide baten zailtasuna proposatzerakoan norberaren irizpideak sartzen direla. Horrela bada, kontu subjektiboa eta pertsonala da. Salamandre egin dudan biderik gogorrenetakoa da. AC/DC eta Mandallaz bideak probatu dituzten eskalatzaileek esan dute 9a+ mailakoa izan daitekeela. Horren ondorioz, uste dut azken proposamen hau gogorragoa dela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo