GARA > Idatzia > Mendia

Eski alpinismoa Denboraldi berria

Eski alpinismoko lehiak martxan dira

Joseba Ormazabalek aise irabazi zuen joan den igandean Cauteretsen jokatu zen Euskadiko Kopako lehenengo proba. Izaskun Zubizarretak, berriz, FEDMEko zirkuituan garaipen eta bigarren postu bana erdietsi zituen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Eski alpinismoko aurtengo denboraldiak dagoeneko egin ditu lehenengo urratsak. Euskal lehiakideen lana ikusteko parada izan da, batez ere EMF eta FEDMEren zirkuitu ofizialetan. Ohi den legez, ia proba gehienak Pirinioetan jokatu dira eta elurrak eta eguraldi kondizioek ez dute gehiegi lagundu mementoz. Eta horren isla, adibidez, joan den igandean Euskal Mendizale Federazioak atondutako Euskadiko Kopako lehenengo proba izan genuen: Lionel Regis Saria (Cauterets). Euri asko eta behe laino itxia.

Hala ere, lehenengo hitzordua jokatzeko aukera egon zen. Guztira 50 eskiatzailek eman zuten izena; horietako 15 euskal ordezkariak izan ziren. Zehatzago esanda, 15 gizonezko aurkeztu ziren; neska bat bera ere ez zen irteera puntuan. Eta aurreratu dugun bezala, eguraldi gaiztoa bihurtu zen probaren protagonista nagusi. Izan ere, euriak, tenperatura altuek eta behe lainoak Cauteretseko eski estazioaren ingurumaria harrapatu zuten. Giro gaizto horrekin antolatzaileek ez zuten batere erraza izan, eta une batez lasterketa bertan behera uzteko zorian izan zen.

Azkenean, egoerari nolabait buelta eman eta ibilbide alternatiboa egin zuten. Soilik igoera bat; ia-ia kronoigoera bat. Eskiatzaileek 750 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre eta, gisa bereko probetan bezala, oso gogorra izan zen. Igoera soil bat zenez, eskiatzaileek oso erritmo bizia jarri eta askok eta askok leher eginda amaitu zuten.

Lasterketa hasi bezain laster bederatzi laguneko tropela egin zen. Horietako bost euskal herritarrak ziren: Joseba Ormazabal, Lander Alvarez, Joseba Tobar, Carlos Imirizaldu eta Oscar Gogorza. Ibilbidea hain motza izanik, eskiatzaile indartsuenek den-dena eman zuten. Eta horren ondorioz, probaren erdialdera hiru lehiakide lasterketaren buru jarri ziren. Ormazabal, nahiz eta %100ean ez egon, han zen. Une batez, tolosarrak «martxa luzea» jartzea erabaki eta frantsesak atzean utzi zituen. Helmuga puntuan lehenengoa izan zen 39:47 denborarekin. Horrela bada, egungo euskal ordezkari indartsuenak Euskadiko Kopako lehenengo proba irabazi zuen. Bigarren postua (hirugarrena Lionel Regis Sarian) Tobarrentzat izan zen (41:23) eta hirugarrena Gogorzarentzat (41:41). Laugarren eta bosgarren postuetan Imirizaldu eta Alvarez geratu ziren hurrenez hurren.

Zubizarreta indartsu

Zoritxarrez, eguraldiak ez zuen batere lagundu EMFren lehenbiziko hitzorduan, baina, haatik, parte-hartzaile batzuk baieztatu digutenez, lasterketa polita izan zen: «Blai eta leher eginda amaitu genuen. Ibilbide guztian euria egin zuen eta, gainera, behe lainoarengatik ia ez genuen ezer ikusten. Baina gozatu egin genuen, hain ibilbide motza izan zenez den-dena eman genuelako. Ea hurrengo proban zorte hobea dugun».

Eta bigarren proba aipatu denez, gogoratu behar dugu euskal lehiakideek hitzordu nagusia hilaren 19 eta 20 izango dutela. Luz Ardiden eta Tourmaleten antolatuko den Altitoy Irekia dugu, eta han Euskadiko Txapelketa izango da jokoan. Horrekin batera aurreratu behar dugu antolatzaileek lehiaz kanpo eskiatzaile herrikoientzat oso ibilbide interesgarria prest izango dutela. Beraz, lehia eta aisia uztartzeko aukera ezin hobea izango da.

EMFren zirkuitu ofiziala alde batera utzi eta FEDMErenean sartuko gara. Espainiar federazioaren hitzorduak goiztiarragoak izan dira aurten. Lehenbizikoa, adibidez, joan den abenduaren 30ean jokatu zen. La Molina izan zen lehiakideak jaso zituen alderdia eta han, nola ez, Izaskun Zubizarreta izan genuen. Gogoratu behar dugu oiartzuarra EMF eta FEDMEko taldeak edo selekzioak partekatzen ari dela. Lehenengo proba Espainiako Kronoigoera Txapelketa izan zen. Nahiz eta bere espezialitatea ez izan, Zubizarretak bigarren postua lortu zuen. Andorrako Sophie Dusautoir eskiatzaileak irabazi zuen, baina, Irekian soilik izena eman zuenez, Gemma Arrok irabazi zuen txapela 40:42 denborarekin. Ia hiru minutura sailkatu zen Zubizarreta oiarzuarra eta Emma Roca izan zen hirugarrena.

Joan den igandean, berriz, eskiatzaile gipuzkoarrak Espainiako Kopako lehenengo proban hartu zuen parte. Sierra Nevadako lasterketa kronoigoera izan zen. Zubizarretak aise irabazi zuen proba, besteak beste, sasoi onean dagoelako eta aurkari indartsurik ez zuelako izan. 7,5 kilometro eta 1.200 metroko desnibela zuen ibilbidea egiteko 1:24:26 denbora behar izan zuen. Bigarren sailkatuari, Maribel Martini, ia 8 minutuko aldea atera zion.

Euskadiko kopa

Eskiatzaileek 750 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre Cauteretseko proban. Igoera soil bat zenez, eskiatzaileek oso erritmo bizia jarri eta askok leher eginda amaitu zuten.

fedme-ko zirkuitua

Itziar Zubizarretak Espainiako Kopako lehen proban hartu zuen parte. Eskiatzaile gipuzkoarrak aise irabazi zuen proba, besteak beste, sasoi onean dagoelako eta aurkari indartsurik ez zuelako izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo