GARA > Idatzia > Pilota

«Estatu Batuetan zenbaki bat zara, ez zaituzte pilotari gisa ikusten»

Iker FORONDA

zesta puntako jokalaria

Iker Foronda bukatu berri den Orange Zirkuituko txapelduna da. 28 urteko gasteiztar hau erregularrena izan da, zazpi hilabeteren buruan, jokatutako txapelketetan puntu gehien bildu duen pilotaria izan baita. Jai-Alive enpresako aurrelari honek 2003. urtean egin zuen debuta Miamin. Estatu Batuetan hiru urte egon ondoren, isilean egindako lanaren ordaina jaso du orain Euskal Herrian.

Aritz SORZABAL |

Hondarribiko eta Iruñeko txapelketak irabazi ondoren, Iker Foronda Orange Zirkuituko sailkapen orokorrean gailentzeko faborito bilakatu zen uda partean. Azkenean, lehen postuari eutsi eta joan den igandean txapela jantzi zuen Markinan, hots, zesta puntaren sorlekuan. Zazpi hilabete iraun duen borroka amaituta, GARArekin hitz egin zuen arabarrak.

Orange Zirkuituko txapelduna zara. Pozik egongo zara, ez al da?

Izugarrizko poza sentitzen dut, zazpi hilabetetako borroka izan baita. Txapelketa guztietan topera ibili behar zara puntuatzeko. Garaipena, beraz, lana ondo egin izanaren isla da.

Zazpi hilabete horietan zein txapelketetan gozatu duzu gehien?

Hondarribiko garaipena berezia izan zen, frontoi berria baitzen eta jende asko baitzegoen harmailetan. Iruñean irabaztea, jaiak izanda eta bertako euskal giroa ikusita, oso polita izan zen. Dena dela, irabazi ez nuen arren, beste txapelketa batzuk ere zirraragarriak izan ziren. Gasteizkoa izanda, pena eman zidan bertako finala ez irabazteak, baina etxekoekin eta lagunekin finalerako sailkapena ospatzeak ilusio handia egin zidan. Era berean, Markina eta halako pilotaleku garrantzitsuetan jokatze hutsak berak ilusioa egiten du, pilotari ohi eta ikusle ugari bertaratzen baita.

Zure ustez, non erabaki zen txapelketa?

Iruñekoa buruz-burukoa eta Masterra izan zen. Horrenbestez, txapelketa horretan besteetan baino puntu gehiago banatu zen. Han irabazi izana oso garrantzitsua izan zen. Hortik aurrera, abantaila horri eusten saiatu nintzen. Hala ere, Hondarribiko garaipena erabakigarria izan zen. Oraindik asko geratzen zen jokatzeko, eta ez nuen oso garbi irabaziko nuen ala ez. Partida oso zaila genuen, Konpa eta Lopezen aurka. Oso estu irabazi genuen azkenean, eta hor bideratu nuen txapela.

Zeintzuk dira orain esku artean dituzun helburuak?

Atseden txiki bat hartu behar dut datorren denboraldia hasi aurretik. Atsedena laburra izango da, pare bat astekoa, deskonektatzeko, aurtengo Orange Zirkuitua laster hasiko dela esan baitigu enpresak.

Jon Arriaga bikotekide izan duzu maiz. Atzelari onenaren saria jaso du gipuzkoarrak. Zer esango zenuke pilotari horri buruz?

Atzelari onenetarikoen artean dago. Lehen hala zen, eta hala dela erakusten du oraindik orain. Dena dela, Estatu Batuetan dauden zenbait pilotarik txapelketa osoa jokatu ezin izan dutenez, Jonek eta biok errazago izan dugu irabaztea. Kanpoan dauden pilotari horiek zazpi hilabeteetan egon izan balira, aldaketak egongo ziratekeen sailkapenean.

2003. urtean egin zenuen debuta, Miamiko Dania Jai-Alai frontoian. Zein oroitzapen duzu egun horretaz?

Oso berezia izan zen, ez baitzuen zerikusirik Euskal Herriarekin. Estatu Batuetan zenbaki bat zara, ez zaituzte pilotari gisa ikusten. Izenez ez zaituzte ezagutzen. Iritsi nintzenean, nire lehenengo kinielan, oso urduri nengoen. Mikrofonotik esan zuten gazte bat nintzela, Gasteiztik etorria. Egia esan, egun horretan ez zegoen jende askorik.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo