Politikariak torturaren aurrean
Tortura onartezina omen da. Jende guztiak adierazpen horrekin bat egiten omen du. Politikari guztiak eta kazetari guztiak, jakina, ados daude. Teorian. Baldin eta tortura kasurik aurrean ez bazaie tokatzen, alegia. Igor Porturen kasuan argi geratu da ez jende guztiarentzat, ez politikari guztientzat eta, ezta kazetari gehienentzat ere, baieztapen hori ez dela egia unibertsala, bai ala bai defendatu beharreko premisa. Politikari zenbaiten adierazpenetan -«atzo ez eta gaur bai», «hemen bai eta han ez»-, eta hedabide gehienen artikuluetan jasotakoek -«egia balitz...», «egia bada ere»-, baita hedabide horietako foroetan arduradunen baimenaz zenbait herritarrek esandakoek ere -«merezi dute»- argi erakusten dute sinismen komunek askotan gezur kolektiboak besterik ez dituztela ezkutatzen. Uste baino jende gehiagok babesten du tortura, baldin eta zipriztintzen ez baditu.
Urrutira joan gabe, Lupiañezi egindako torturak edo Porturi egin asmo zizkiotenak berdin-berdinak dira. Kasu honen alderdirik tamalgarriena zera da, Porturekin batera atxilotutako Mattin Sarasolari eragindako oinazeak berberak izan daitezkela eta inork ez duela horren aurrean txintik esaten. Eta aurretik milaka eta milaka euskal herritarri egindako oinaze berberak direla. Eta, hemengo «aurrerakoiei» min ematen badie ere, Israelgo kasernetan eta Irakeko Abu Ghraiben egindakoen oso desberdinak ere ez direla. Baina hori onartzearen ondorio pertsonalak sakonegiak dira eta erosoagoa da hasierako leloa besterik gabe ozen errepikatzea. Ozen, oihuak estaltzeraino.
Zinikoek eta «apolitikoek» sarri esaten dute politikari guztiak berdinak direla. Torturaren auziak erakusten du baieztapen hori gezurra dela. Adibidez, Arnaldo Otegi kartzelan dago «Egunkaria» kasuaren ondoren errege espainiarra «torturatzaileen buru» dela esateagatik, besteak beste. Aldi berean, Ibarretxe, euskal gazte bat torturen ondorioz ospitaleratu behar izan duten bitartean, errege horrek berak bere buruaren gorazarrean antolatutako afari batera joango da, euskaldunen «ordezkari». Hartara, Euskal Herrian politikari guztiak ez dira berdinak. Ez torturaren aurrean eta, nola ez, legearen aurrean ere ez. Eta horri esker, baina baita horren ondorioz ere, gauden bezala gaude.